
Emakumezkoen Ligan bigarren denboraldia egiteko lan taldea zehazten jarraitzen du talde gernikarrak, eta aurreko denboraldian taldeko “giltzarri” izan diren jokalariei kontratua berritzen dabiltza.
Hain zuzen ere, datozen egunetan azken kontratu-berritzea lotzeko asmoa du Gernika-Lumoko saskibaloi taldeak, eta beste fitxaketaren bat egiteko lanean ari da.
Emakumezkoen Ligako estreinaldian Pop-en erregulartasuna “erabakigarria” izan zela uste dute taldeko arduradunek. Gainera, talde guztien artean, jardunaldi batzuetan saskiratze gehien lortu zituen.
Mario Lopez Gernika Bizkaiako entrenatzaileak argi zeukan Pop-ek taldean jarraitu behar zuela: “Oso pozik nago berriro ere gurekin jokatuko duelako. Claudiak oso denboraldi ona egin zuen, denboraldian zehar hazten joan zen. Jokoan aurrera egiten jarraitu gura duela argi du. Klubagaz oso konprometituta dagoen jokalaria da, eta lanerako etika handikoa”. Hala, hurrengo denboraldia aurreko denboraldia amaitu zuen maila berean hastea espero du entrenatzaileak. “Kantxa erdian bost bosten kontra aritzean ezinbesteko jokalaria da guretzat”, zehaztu du. Bestetik, bere zenbakiei dagokionez, “erregulartasun” gehiago eskatzen dio Lopezek, eta erreboteetan gehiago “laguntzea”.
Bere ibilbideko momentu “oso onean” dago saskibaloi jokalari errumaniarra, eta nabarmen aurrera egin du. Eurobasketean ere lan bikaina egin du, eta bere selekzioko jokalari onenetakoa izan da.