Ibon Iparragirre presoari hirugarren gradua ukatu dio De Castro epaileak
Bere osasun egoera «egonkorra» dela argudiatuta, ezezkoa eman du epaileak. Azken erabakiari helegite berri bat ipintzeko bederatzi egun dituzte Iparragirren abokatuekEspainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro epaileak etx...
Bere osasun egoera «egonkorra» dela argudiatuta, ezezkoa eman du epaileak. Azken erabakiari helegite berri bat ipintzeko bederatzi egun dituzte Iparragirren abokatuek
Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzarako Jose Luis de Castro epaileak etxe kartzela egiteko aukera bigarrengoz ukatu dio larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre Burgoa preso politiko ondarrutarrari.Iparragirrek aurretik ere eskatu zuen neurri hori aplikatzeko, eta ia hamar hilabete zain egon ostean, bigarrenez ezezkoa jaso du. Iazko irailean atzera bota zion eskaera De Castrok, eta erreforma helegitea aurkeztu zuen presoaren abokatuak, baina oraingo honetan ere espetxealdi arindura bueltatzea ukatu diote, bere osasun egoera «egonkorra» dela argudiatuta.
2014ko martxoan atxilotu eta berriro espetxeratu zutenez geroztik, ondarrutarraren osasun egoerak gainbehera nabarmen egin baldin badu ere, espetxealdi arindua ukatu dio epaileak. Iparragirreren senide eta lagunek, ordea, guztiz kontrakoa ikusten dute: HIESak jota, haren egoera egunez egun larriagoagoa dela, alegia. Senideen hurreko medikuek diote heriotza arriskuan dagoela preso ondarrutarra.
Bere egoera, «mugan»
Presoaren anaiak ohartarazi duenez, «muturreko egoeran» dago ondarrutarra. «Apirileko azken txosten medikuen arabera, karga biralak gorakada garrantzitsua jasan du, eta bere defentsak nabarmen jaitsi dira. Lehen 150 inguruan izaten zituena, orain hiru hilabete 100 azpitik zituen. Pentsa pertsona osasuntsu batek 1.500 eta 2.000 artean izan ohi dituela defentsak. Hori ez eze, orohar, bere egoera asko okertu dela nabaritu dugu, eta berak dituen gaitzak asko areagotu dira. Azkenaldian oso haul ikusi dugu, ohi baino ahulago. Besteak beste, oinez ere ia ezin du egin, hankak erdi tatarrez eramaten ditu».
Epaileak hartutako erabakiaren berri barikuan jaso zuten senideek Espainiako Ser irrati katearen bidez. Ebazpenaren berri eurei eman aurretik hainbat komunikabideetara hedatzea ez dute begi onez ikusi Iparragirreren ingurukoek. «Egia esan, ez zaigu ondo iruditzen, jakinarazpen ofiziala eduki aurretik askok bazekiten horren berri eta».
Beranduegi
Senideen arabera, gainera, erabakiaren ebazpenak oso luze jo du, luzeegi. «Ez dakigu beste kasuetan zenbat irauten duen, baina pertsona baten bizia jokoan dagoenean erabakia azkarrago izan beharko litzatekeela deritzogu».
De Castrok hartutako azken erabakiari dagokionez, senideek helegitea aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horretarako bederatzi egun izango dituzte, eta egunotan abokatuak hura zelan prestatu eta aurkeztu aztertzen ari dira. «Gure kalkuluen arabera, oporraldia dela eta, gutxien jota, irailerako edukiko dugu erantzuna. Bien bitartean, Ibonek bigarren graduan jarraitu beharko du, kartzelan bere osasun egoerak okerrera egiten duen bitartean».