
Erik Mendizabal/ Jai Alai elkartea
Lehen masterraren finalean da Erik Mendizabal (Mutriku, 1986). Amigorenarekin batera, maila ona ematea espero du.
Barikuan jokatu zenuen finalaurrekoa, zelako inpresioa duzu?
Ona, Amigorena nuen bikote eta Daniatik ezagutzen gara. Bost hilabete daramatzat jokatu gabe eta sentsazio onak izan nituen. Pentsatzen nuen itota ibiliko ginela baina ez zen horrela izan. Partida ona egin genuen.
Binakako Txapelketa lehiatuko duzue; bi enpresa dira aurten. Zelan ikusten duzu lehia?
Ondo, bi enpresa gaude aurten eta, zenbat eta enpresa gehiago hobe. Gainera, aurten maila handiko pilotariak gaude txapelketa eta uste dut txapelketa polita aterako dela bai enpresa batetik zein bestetik.
Bi enpresa, pilotari gehiago.. Ikusle gehiago izango dira?
Seguraski. Eta zenbat eta gehiago zestarentzat ere hobea da.
Beraz, aurten txapelketak oihartzun gehiago izan dezakeela uste al duzu?
Bai, gauzak desberdin ari gara egiten aurten, eta hori positiboa izan daitekeela uste dut.
Zesta puntari bultzada eman asmoz, partidak beste modu batera eskaintzen dituzue orain, musika tartekatuz, argi jokoak… Zer deritzozu?
Ba oso ondo deritzot. Azken batean zesta punta saldu egin behar dela uste dut. Partiduari berari osagarri bat jartzen diogu musika sartuz. Nire ustez, gainera, jende gaztea erakartzeko baliogarria ere bada. Diferentea da, eta ikusi genuen joan den barikuan jende asko etorri zela eta erantzun polita izan genuela.
Jende gaztea ere bazen publikoaren artean, zta?
Bai, eta horrek asko esan nahi du. Nire ustez, oso positiboa da.
Eta lehen masterraren finala duzue bihar. Beaskoetxea eta Aldazabal dituzue aurkari. Ezagunak biak. Nola ikusten duzu?
Partidu polita izango dela uste dut. Euran kontra AEBetan ere jokatzen dugu, eta dagoeneko elkar ezagutzen dugu. Hori dela eta, partidu berdintsua eta gogorra izango dela esango nuke. Espero dugu, gainera, maila ona ematea eta partidua publikoaren gustukoa izatea.
Etxekoen aurrean jokatzeak ikara ematen al du?
Ez, ez. Gogoa ematen du gehienbat. Indarrak ematen dizkit.