Janari bilketa egingo du bihar Txilipitxeruek elkarteak
Mundakako Txilipitxeruek elkarteak janari bilketa egingo du bihar. Jakinarazi dutenez, Mundakako plazan egongo dira egun osoan. 11:00etan hasteko asmoa dutela diote, eta 19:00ak ingurura arte egongo direla zehaztu dute. Batzen dituzten jakiak Bizkaiko ...
Orain arte jaiekin lotura zuten gauzak antolatzen ibili dira Txilipitxeruek elkartekoak. Hemendik aurrera, baina, esparru desberdinetara zabaltzeko erabakia hartu dutela dio elkarteko kide Pello Gondrak. Hortaz, egingo duten lehenengo ekintza «desberdina» biharko janari bilketa izango da. Ondo ateratzen bada, gainera, urte amaieran beste bilketa bat egiteko asmoa dutela dio Gondrak.
Bilketa data honetan egitea pentsatu dute, «eskolak amaituta, beharrizana duten ume asko jantoki barik geratzen direlako eta udan ere horietaz gogoratu behar garelako, ez soilik data zehatz batzuetan».
Iraungitze data luzea daukaten elikagaiak batu gura dituzte, batik bat, arroza, olioa, esnea, arrain kontserbak, pasta, tomate latak, gailetak, dilistak, indabak…, «bakoitzak ahal duena», diote.