
Josu Bergarak (Ea, 1979) Bilboko Kafe Antzokian grabatu zuen ekainaren 18an bere laugarren lana: ‘Kanta txikien indarra’. Udazkenean kaleratuko du, eta aurkezpen birari ekingo dio gero.
Nola joan zen Bilboko Kafe Antzokiko grabaketa?
Argi teknikaria, soinu teknikaria eta grabaketa teknikari talde bat egon ziren musikariokin batera. Haiek mikrofonoak jarri zituzten instrumentu guztietan, eta zuzenean grabatu genuena jaso zuten. Uste dut nahiko ondo geratu dela.
Emaitzagaz gustura geratu zara, beraz?
Jada entzun dut zelan geratu den grabatutakoa, eta nahikoa ondo dago. Egia da kantaren batean edo bestean hanka sartze batzuk daudela; magia apur bat egin beharko dugu. Baina, orokorrean, nahiko ondo dago.
Lehenengo esperientzia horregaz pozik orduan?
Bai. Erronka bat zen zelan geratuko zen, eta jendeak nola erantzungo zuen beldur ginen. Ezberdina da kontzertu batera joatea edo disko bat grabatuko den kontzertu batera joatea, eta, egia esateko, oso ondo atera zen dena. Jende asko bertaratu zen, eta sarrera asko saldu genituen. Jende gehienak bazekien grabaketa bat zela, gauza berezi bat zela. Dotore geratu da, eta pozik gaude.
Aurreko lanak grabazio estudioetan egindakoak dira; zergatik erabaki duzu oraingoan zuzeneko kontzertuan grabatzea?
Alde batetik, emaitza ezberdina izango zela pentsatzen genuelako; naturalagoa. Beste alde batetik, erronka bat zelako guretzat; izan ere, zailtasun bat gehitzen dio kontuari. Zailtasun hori ere bada gauza polit bat. Jendearen aurrean grabatzea jendeak eskertzen du. Aurrekoen aldean zer edo zer desberdina egin gura nuen, eta desberdintasun hori bilatzean bururatu zitzaigun zuzenekoan grabatzearen ideia. Egia da disko batzuk horrela grabatzen direla, baina kanta berriak izatea eta horiekin zuzeneko disko bat grabatzea normalean egiten ez den gauza bat da.
Eta nola prestatu zenuten zuzeneko diskoaren grabazioa?
Nerea Alberdi eta biok elkartu, eta buruan nituen kanta berriak aipatu nizkion. Berak orduan, gutxi gorabehera nola moldatu zitezkeen pentsatzeari ekin zion. Izan ere, biolin jolea izateagaz batera, moldaketak ere egiten ditu. Argi neukan hari edo soka laukote bategaz laguntzea gura nuela. Gero, beste musikari bakoitzak bere ekarpena egin du. Guztira, bospasei entsegu baino ez genituen egin aurretik.
Kanta txikien indarra izenburua izango du diskoak. Zer dela eta?
Alde batetik, zentzu biografikoa du. Hamabi urte inguru egin ditut taula gainean, eta bada ibilbide bat adierazteko modua. Azken finean, etxeen egindako kanta txikiek zelako indarra hartu duten esateko modua da. Kontzertuak eman ditut Bartzelonan, Londresen, Valentzian, Madrilen… Eta hori adierazteko modua da. Bestetik, abesti txikiei edo gauza txikiei egindako omenaldi txiki bat da. Mundu honetan, badago gauza txikiak ikusteko modu bat. Denak ez dira berba potoloak, gauza handiak. Badaude eguneroko gauza txikiak, eta horiek, agian, besteek baino indar gehiago dute, edo besteek baino gehiago adierazten dute.
Kalean noizko egongo den badakizue?
Oraindik ez dut data zehatzik, baina irailaren bukaeran edo urriaren hasieran argitaratzea da asmoa. Orain edizioa eta masterizazioa egin behar ditugu. Horren ostean, eta disko berria ateratzen dudan guztietan, komunikabide ezberdinetara bidaltzeko bideoklipa egiten saiatzen naiz. Gaur egun, musika kontsumitzeko modua asko aldatu da; askok Internet bidez kontsumitzen dugu, eta beti saiatzen naiz plataforma digitaletan egoten. Diskoko single-a, beste alde batetik, oraindik aukeratu barik daukagu.
Zenbat abestik osatuko dute diskoa?
Seguraski, diskoak hamalau abesti bilduko ditu. Hasieran, 11 kanta sartzekotan ginen, baina kontzertuan, hiru abesti zahar jo genituen. Abesti zahar horiek formatu berriagaz daude, eta jendeak gustuko dituenez, aprobetxatu, eta sartu egin ditugu.
Kolaborazio asko izan dituzu.
Gehienekin aldez aurretik hainbat kontzertu eman ditut; gauza desberdinak egiten egon gara. Adibidez, Mikel Nuñez, Nerea Alberdi eta hirurok hiru urte daramatzagu kontzertuak ematen elkarregaz. Beste batzuen kasuan, ostera, ez genuen elkar askorik ezagutzen. Eta uste dut ezagutze horrek lagundu egiten duela.
Zer topatuko du jendeak zure laugarren lan horretan?
Estilo eta osaketa aldetik, bateria, baxua, pianoa, teklatua, gitarra eta ahotsa eta hari laukotea (bi biolin, biola eta txeloa) aurkituko ditu. Musikari asko gara, eta horrek zuzenekoari eta diskoari aberastasuna ematen dio.
Eta gaiei dagokienez?
Badaude ikuspegi soziala edota politikoa duten kanta batzuk; adibidez, Herri txiki zahar honetan. Gauza txikiei buruz berba egiten du, baina egunerokotasunean daudenak eta politikagaz lotutakoak. Badago sehaska kanta bat ume txikientzat, Tartaloren ipuina beste abesti batean, Bilbo hiriari egindako kanta bat, eta badago maitasun kantaren bat… Adibidez, Autobusean izeneko kantan autobus batean pasatzen dena bildu dut 30 segundotan. Beti saiatzen naiz modu soil batean eguneroko kontuetaz berba egiten, jendearengana ailegatzeko.
Noiz egingo duzu diskoaren aurkezpen bira?
Urritik edo azarotik aurrera egiten saiatuko gara, eta ekainera bitartean egitea da asmoa. Gure ideia da aretoetan, kultur etxeetan eta horrelakoetan aurkeztea; beste modu batera aurkeztea, alegia. Euskal Herriko hiriburu guztietan zeozer egiten saiatuko gara. Azkenean modu txukun batean aurkeztu nahi dugu, ateak zabalduz. Udarako lotuta ditudan emanaldietan, jendeak kanta berriak entzuteko aukera izango du. Oraintsu eman ditudanetan ere, abestu ditut kanta berriak.
Esaterako, Eako San Joan jaietan eman zenuen kontzertua.
Jaietan beti egiten dut kontzertu txiki bat edo. Uste dut hamar bat urte direla lehenengoa egin nuenetik. Azkenean, klasiko bat bihurtu da, eta herriko jendeagaz beti zaude gustura.
Euskal Herritik kanpo ere aritzen zara. Zelan hartu ohi zaituzte kanpoko entzuleek?
Beti saiatzen naiz noan lekuko abeslari bategaz zerbait egiten. Lekuak ezberdinak dira; adibidez, Herrialde Katalanetan badute halako sentimendu berezi bat gureganako, eta guk eurenganako. Saiatzen naiz azaltzen abestia nondik nora doan. Jendeak askotan esan izan dit: «Ez dut ezertxo ere ulertu, baina asko gustatu zait». Azkenean, musikak transmititu egiten du, nahiz eta ulertu ez. Kontua da jendearengana heltzea eta musikagaz adieraztea. Euskal etxeetan ere sarritan jo izan dut. Datorren udan, esaterako, Ameriketako Estatu Batuetara joateko asmoa dugu, bertako euskal etxeetan kontzertuak emateko.
Urte bete barru AEBra jauzia emateko asmoa duzu, orduan?
Ez dakit aurkezpen biraren barruan izango ote den, baina ideia hori badugu, behintzat. Esperientziak erakutsi dit musikan ez dela nahikoa disko bat ateratzea; kontzertuak eman eta jendea ezagutu behar da. Geroz eta gehiago mugitu, orduan eta gauza gehiago ateratzen dira.