
Aspaldian, surflarien artean “kezka” da nagusi. Ibarrangeluko Laida hondartza berreskuratzeko egin dituzten lanak ez dituzte begi onez ikusi. Horien arabera, lanekin Mundakako ezker olatua arriskuan jarri dute. Craig Sage (Australia, 1957) eskarmentu handia duen surflaria da. Orain dela 30 urte iritsi zen Mundakara, eta kostaldeko herri txiki horretan ireki zuen Mundaka Surf Shop. Mundaka Surf Taldeko kidea da, surf munduan oso ezaguna da Bizkaian, eta, Euskal Herrira iritsi zenetik, surfa bultzatzen aritu izan da hainbat esparrutan.
Mundakako ezker olatua berriro arriskuan egon daitekeela uste duzue?
Ez nuke arriskuan dagoela esango; baina bai, ordea, gaixorik dagoela. Gauzak neurriz esan behar direla uste dut. Egia da olatuak beti daudela, batez ere negu partean. Beste gauza bat da olatuek duten kalitatea, eta horretan oso garrantzitsua da Mundakako barraren egoera. Mundakako barra oinarrizkoa da olatuaren indarrarentzat eta luzerarentzat. Egun, baina, olatua ezberdin dago. Horregatik esaten dut gaixorik dagoela. Olatua 1 eta 10 bitartean neurtu beharko banu, 3 bat emango nioke. Ez dago ikaratzeko moduan, baina hortik urrun ere ez.
Uste duzu Laidako hondartzan egin dituzten lanak aurreikusita ez zegoen moduan egin dituztela?
Hasiera batean emandako azalpenak, egia esan, ez genituen ondo ulertu. Hasi eta berehala, alarma piztu zen surflarien artean. Esan baino gehiago hurbiltzen ari ziren itsasadarrera, eta hori ez zen guri azaldutakoa. Nahaste handia sortu zen, eta gaiak oihartzun handia izan zuen sare sozialetan.
Surf eskola gisa, abisua emateko esan ziguten zerbait arraroa ikusten bagenuen, eta hala egin genuen. Kosta Mugapera deitu, eta itsasadarretik oso hurbil lanean ari zirela esan genien. Ondoren, hor ibili dira zuloak eta zuloak egiten.
Egia da itsasgoran Laidan ez dela ia hondartzarik geratzen. Baina ez da hori gertatzen zaion hondartza bakarra; Ondarroan, Zarautzen edo Bakion, batzuk aipatzekotan, hondartza barik geratzen dira itsasaldi biziekin edota itsasgoran. Hortaz, nire ustez, kontraesanezko modu batean aurkeztu zituzten lanak.
Guk, orain, surf eskolan, ohikoa baino gehiago ibili beharra daukagu Laidako hondartzara iristeko. Mundakako kanpinaren parean dagoen tarte batean bereziki, desberdin dago itsasadarra.
Mundakako ezker olatua gaixorik dagoela diozu. Lanon ondorioz gaixotu dela esango zenuke?
Hainbat dira olatuari eragiten dioten faktoreak. Ni ez naiz zientifikoa, baina baditut nire teoriak. Jalkitze nagusia itsasadarretik dator, AZTIren arabera; jalkitzea zuzena da. Udaberria eta udazkena dira momenturik onenak olatua zein egoeratan dagoen ikusteko. Beraz, orain, udazkenera arte itxaron beharko dugu.
Surfa Mundakako motor ekonomiko garrantzitsuetako bat da. Orain dela urte batzuk, arriskuan izan zen ezker olatua. Ez duzu uste lan horiek berriro ere arriskuan jar dezaketela?
Gauza da lanak egiteko eskaera Ibarrangelurena izan dela, eta ez Mundakarena. Kasu horretan, interesak itsasadarraren beste aldean geratu dira. Adituen arabera, lanek ez zuten Mundakako barran kalterik eragingo; beraz, aurrera egin zuten.
Egin dira ikerketak?
Bai, zenbait ikerketa egin dituzte, baina beste ikerketa bat egitea ere eskatu da. Ez dakidana da azken ikerketa hori aurkeztu den ala ez, zientzialari kualifikatu bat behar baitzen hori egiteko. Mundaka Surf Taldea arduratu da horretaz.
Mundakako olatua babestea eskatzen ari zarete, eta Mundaka Surf Erreserba modura izendatzeko eskaera bideratzen bazabiltzate.
Bai, beste surf talde batzuekin harremanetan jarri ginen; antzeko egoera bat bizi izan dutenekin, alegia. Kantabrian, esaterako, Ribamontan al Mar herrian badute izendapen hori. Guk ere arinago hasi behar genuen mugitzen, baina ez genuen uste posible zenik olatua berriro arriskuan egotea. Olatua babestu egin behar da gizakiek eskurik ez sartzeko. Mundaka Surf Erreserba izendatua izango balitz, hori kontuan hartu beharko litzateke hondartzan, itsasadarrean edota ubidean edozein manipulazio egiterako orduan.
Orain arte, Mundakako olatuaz hitz egin da, baina desberdina litzateke Surf Erreserba izatekotan, askoz garrantzitsuagoa baita. Uste dut Mundakak izendapen hori merezi duela.
Joan den astean, hainbat surflari batu zineten eskaera hori egiteko.
Bai, 150 surflari inguru batu ginen Mundaka Surf Taldeak egin zuen deialdian. Familia argazki bat atera genuen gure surf-oholekin, eta, ondoren, uretara salto egin genuen pankarta batekin. Surflari gehienak mundakarrak baziren ere, inguruko herrietakoak ere hurbildu ziren.
Mundaka Surf Erreserba izatea onartu du Udalak
Ezker olatua babeste aldera, Surf Erreserba izendatzea eskatzen ari da Mundakako Surf Taldea. Lehenengo urratsa eginda, Mundakako Udalak izendapen hori ematea onartu du azken osoko bilkuran. Orain, baina, aurrera egin ahal izateko, Urdaibaiko Patronatuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartu beharko dutela dio taldeko presidente Gonzalo Espelek. Datozen egunetan, bilerak egingo dituzte. Euskal Herriko lehenengo Surf Erreserba izango litzateke Mundaka, eta “baikor” daudela dio.