
Diego Beaskoetxea
Lehen masterraren finalean da Diego Beaskoetxea gernikarra (Miami, 1981). Aldazabal berriatuarra izango du atzelari.
Barikuan jokatu zenuen finalaurrekoa, zelako inpresioa duzu?
Partidu gogorrak izan ziren biak, eta pozik nago finalera heldu garelako. Egun handia da zesta puntarentzat, eta parte hartzeak poztasuna ematen dit.
Binakako Txapelketa lehiatuko duzue; bi enpresa dira aurten. Zelan ikusten duzu lehia?
Zestarentzat ona da Gernika-Lumoko enpresa bat horretan aritzea. Jende gaztea da, gainera. Nire ustez, txapelketa onak antolatzen dituzte eta jendea erakartzen dute frontoira.
Beraz, aurten txapelketak oihartzun gehiago izan dezakeela uste al duzu?
Bai. Pilotari gehiago izango dira txapelketan. Funtzio gehiago izango dira eta frontoi gehiagora helduko dira. Hobea izango da, baita publikoarentzat ere.
Zesta puntari bultzada eman asmoz, partidak beste modu batera eskaintzen dituzue orain, musika tartekatuz, argi jokoak… Zer deritzozu?
Zesta puntaren munduan ari direnak ikusi zuten jende berria sartu behar dela frontoian. Eta horiengana heltzeko zesta punta erakutsi behar zaie. Gernikako frontoian pakete handi bat eskaintzen da, Dj-ak eta beste hainbat gauza batuta, eta jendea orain gustura doa frontoira.
Publikoa berritu beharra dago, beraz.
Bai, eta orain frontoian ikusten den publikoa askoz ere gazteagoa dela esango nuke. Zesta ezagutzera eman behar da berriro ere.
Gernikarra izanda, zer sentitzen da partidua armailak jendez beteta jokatzean?
Nik beti izan ditut jarraitzaileak, eta izugarria da Gernika-Lumoko pilotalekura joatea eta urtero hainbeste jende zu animatzen ikustea. Azken urteetan gazte eta ezagun asko batu izan da. Presio handia da, baina, aldi berean, polita.
Zapatuan, gainera, ezagunak dituzun puntistak izango dituzu aurrez aurre.
Bai, urtean zehar AEBetan jokatzen dugu elkarren kontra. Ni baino gazteagoaak dira eta gose handiarekin datozen pilotariaak dira. Gainera, Gernikan jokatzea niretzako presio handia da. Ea zer ateratzen den.
Zer eskainiko duzu bihar?
Ea barikukoan moduko partiduak jokatzen ditugun, eta parekatuta gauden. Partidu ona egitea gustatuko litzaiguke, eta jendeak goza dezala espero dugu.