Herritarren babesa eskatu dute Moulinsen dauden presoek
Espetxeko zuzendaritzari gutunak bidaltzeko eskatu dute Abaunzak, Martitegik eta Iriondok. Isolamenduan dituzte hirurak, beste sei preso arruntekin bateraGose eta egarri greba utzi du Jabi Abaunza gernikarrak. Hala eta guztiz ere, zigor ziegan daukate ...
Espetxeko zuzendaritzari gutunak bidaltzeko eskatu dute Abaunzak, Martitegik eta Iriondok. Isolamenduan dituzte hirurak, beste sei preso arruntekin batera
Gose eta egarri greba utzi du Jabi Abaunza gernikarrak. Hala eta guztiz ere, zigor ziegan daukate Frantziako Moulins Yzeure espetxean, eta Etxerat-ek atzo esan zuenez, hilaren 18ra arte edukiko dute isolatuta.Egoera berean daude Jurdan Martitegi durangarra eta Aitzol Iriondo donostiarra. Bi horiek planto egin zioten ziegan sartzeari, eta isolamendura eraman zituzten. Abaunza legez, zapatuaz geroztik isolamenduan dituzten beste sei preso arruntek aurrera darraite gose eta egarri grebagaz.
Zuzendaritza berria
Frantziako kartzela horretan bizi duten egoera salatu dute, gutun bidez, eta, herritarren laguntza eta babesa eskatu dute hiru euskal preso politikoek. Hain zuzen, beraien egoera jakitera ematen laguntzeko eta prestatu duten gutun eredua espetxeko zuzendaritzari bidaltzeko eskatu diete herritarrei. Espetxeko zuzendaritza aldatu dutenetik hango presoen bizi baldintzek okerrera egin dutela diote. Moulins-Yzeure espetxeko agintariek neurri are murriztaileagoak hartu dituztela diote, inolako arrazoirik barik, gainera. Hori dela eta, isolamenduan eta greban dauden presoek erabaki dute espetxearen eraso horiei erantzuteko ekintzetan parte hartzea. Era berean, gutunak bidaliko dituzte Frantzian giza eskubideen eta presoen eskubideen behaketa egiten duten erakundeetara, beraien egoera azalduz eta esku har dezaten eskatuz.
Xantaia eta inpunitatea
Jabi Abaunzak, Jurdan Martitegik eta Aitzol Iriondok zabaldu duten gutunean diotenez, beraientzat garrantzitsua da edozein erasori erantzutea eta senide eta lagunengandik jasotzen duten babesa erakustea espetxeko zuzendaritzari. «Espetxera bidaltzen den gutun bakoitzak balio praktiko handia ez ezik, giza balioa eta balio politiko izugarria ere badauka; bai haien begietara, baina bai eta gure bihotzetan ere», azaldu dute gutunean.
Presoen, senideen eta lagunen kontrako neurri horiek, edozein espetxetan agintariek xantaia eta biolentzia zer nolako inpunitategaz darabilten erakusten dutela diote: «Horregatik, ezinbestekoa da guretzat bahituta gauzkaten militanteen eta herrita- rren arteko lotura ahalik-eta gehien sendotzea».
Moulins-Yzeure espetxean dauden presoek bizi duen egoera salatzeko, protesta egin zuten atzo, Gernika-Lumon.