Jokoan dago Euskal Herriko Herriarteko finalaren txartela
Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak eta Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak herenegun jokatutako finalerdietako emaitzen ondoren, erabakitzear dago nork jokatuko duen Euskal Herriko Herriarteko Zesta-Punta Txapelketa.Mutrikuarrek jokatutako hiru ...
Mutrikuarrek jokatutako hiru partidetatik bi irabazi badituzte ere, ezer ez dago erabakita, eta zapatuan jokatuko den itzulerako partidan ez dituzte gauzak batere erraz izango. Biek ala biek finalean egotea nahi dute, eta oraindik ere, finalerako txartela lortzeko aukera handiak dituzte.
Mutriku, aukera handiekin
Mutrikuarrei dagokionez, finalean egoteko gogotsu eta itxaropentsu daude. «2-1 irabazita, itzulerako partida lasaiago jokatuko dugu. Finalean sartzeko hiru partidetatik bi irabazita nahikoa dugu, eta bat irabaziz gero ere, aukera asko ditugu. Gure asmo guztiak kadete eta gazteetan jarrita ditugu».
Partidei dagokienez, kadete mailan 30-11 irabazi zuten mutrikuarrek. Mendizabal eta Manzisidor hasieratik aurretik ibili ziren, eta Danel eta Josu nahikoa erraz hartu zituzten mendean. Gazte mailan ere, Danok Batek lortu zuen garaipena. Partida erdira arte nahikoa berdinduta ibili baziren ere, Gotzon eta Iñaki Egiari azken tantoetan aurrea hartu, eta 35-20 irabazi zuten Aitor Andonegik eta Jon Goenagak.
Nagusi mailako partida, aldiz, oso gogorra eta lehiatua izan zen. Berdinketa askoren ondoren, azken tantoetan aurrea hartuta, Markina-Xemeingo Zabalak eta Arbek 35-30 irabazi zuten Jon Mendizabal Goixarri eta Igor Elezgarai Txaparroren aurka.