Bilbon egin zuten txapelketaren aurkezpena/ Gernika Jai Alai
Munduko puntistarik onenak hartuko ditu gaur Gernika-Lumoko Jai-Alai frontoiak, eta horiek emango diote hasiera udara honetan jokatuko duten Binakako Txapelketaren adarretako bati. Gernika Jai Alai elkarteko puntista ezagunak bilduko dira pilotalekuan, eta jokatuko dituzten hiru masterretatik lehenengoa izango da gaurkoa.
Busturialdeko, Lea-Artbaiko eta Mutrikuko pilotariak ere bildu ditu Jai Alai elkarteak.
Diego Beaskoetxea gernikarra,
Erik Mendizabal mutrikuarra,
Alex Hormaetxea bermeotarra eta Paueko Jean Olharan dira txapelketara dakartzan aurrelariak. Atzelariak, bestalde,
Ibon Aldazabal berriatuarra, Paueko Laurent Alliez, Mikel Amigorena gasteiztarra eta David Minvielle lapurtarra.
Lehenengo masterra gaur eta uztailaren 11n jokatuko dute, Gernika-Lumoko Jai Alain. Erik-Amigorena bikotea Hormaetxea-Minviellerekin neurtuko da gaur, 21:30ean hasita. Ostean, Beaskoetxea-Aldazabal bikoteak Olharan eta Alliez I izango ditu aurrez aurre. Frontoiari giro berezia emateko, Kicking and Alive eta Dj Ru izango dira musika jartzearen arduradunak.
Uztailaren 11n izango dute lehen masterraren finala, Jai -Alai frontoian. Partida hori, gainera, Calzada egoitzaren aldeko jaialdia ere izango da. Aurten, Juan Mari Bengoa Txino markinarra omenduko dute. Antolatzaileek diotenez, zesta puntaren munduak inoiz eman duen onenetakoa da Bengoa. Hurrengo zapatuko partida, beraz, berezia izango da. Gainera, El_Txef_A-ren doinu elektronikoek girotuko dute frontoia, eta Hibai Etxebarriak lagunduko dio pianoan.
Bigarren masterra Gasteizen jokatuko da, uztailaren 26an eta abuztuaren 1ean. Erik-Aldazabal bikoteak Beaskoetxea-Amigorenaren kontra jokatuko du bigarren masterraren lehen partida. Hirugarren masterra jokatzeko Gernika-Lumora etorriko dira berriro. Abuztuaren 8an Erik eta Minvielle neurtuko dira Olharan eta Aldazabalen kontra. Hirugarren masterraren finala Gernika-Lumoko jaietan jokatuko dute, abuztuaren 16an.
Jai Alivek ere 3 master
Txapelketaren lehen fase honetan, bestalde, beste hiru master jokatuko dituzte Jai Alive enpresako puntistek.Horiekin ariko da Ibai Erkiaga Erkiaga II lekeitiarra, eta gaur izango du lehen masterra, Hondarribian. Goikoetxea izango du bikote, eta Egiguren eta Enbil aurrez aurre. Jai Alivek Cabanillasen jokatuko duen bigarren masterrean ere lehiatuko da Erkiaga II, abuztuaren 1ean; eta hirugarren masterrean ere jokatuko du, Donostian, abuztuaren 15ean.
Bigarren fasea
Bikote ezberdinekin jokatuko dute master bakoitza, eta lehen fasea amaituta, sailkapena egingo dute. Multzo bakoitzeko hiru bikotek egingo dute aurrera, eta laugarren bikoteak kanpoan geratuko dira.
Azken urteetan Jai Alive-k bakarrik parte hartu izan du txapelketan; aurten, baina, pilotari gehiago izango dira udako zirkuitu horretan.
Bigarren fasera helduta, bi enpresatako bikoteek elkarren aurka jokatuko dute, hainbat kanporaketatan. Beraz, uda amaieran argituko da Binakako Txapelketaren garaile zein bikote izango den.
Hainbat urteren ostean frontoia bete egin zen, sarrerak agortuz”
Produktu interesgarria
Puntista ezagunak bildu eta mundu mailako zirkuitua antolatu dute, beraz, uda honetarako. Kirol erakustaldi ederra eskaintzeaz gain, bestelako helburuak ere baditu Binakako Zesta-Punta Txapelketak; kirol horri bultzada ematea, hain zuzen ere. Xede horrekin sortu dute, baita, Jai Alai elkartea ere.
Gazte talde batek sortu du, eta arlo desberdinetako profesionalak biltzen ditu; tartean dira pilotari profesionalak ere. Ilusioarekin sortu dutela azaldu dute Jai Alai elkarteko kideek, zesta-punta produktua modu berri batean eskaini daitkeelaren konbentzimenduarekin.
Formatu berriarekin antolatu izan dituzten zesta-punta jaialdien emaitzak hauspotuta datoz, gainera. Izan ere, Calzada egoitzaren alde iaz antolatu zuten partida «arrakastatsua» izan zela diote. «Hainbat urteren ostean frontoia bete egin zen, sarrerak agortuz». Urriko Azken Asteleheneko zesta jaialdiak ere hainbat gazte bildu zituen, eta frontoiko giroa «ezin hobea» izan zela diote elkartekoek.
Beraz, jaialdiak modu egokian antolatuz gero, produktu interesgarria eskaini dezaketela uste dute, musika, argi-joko eta aurkezpenekin lagunduta.
Jai Alai berriro betetzeko asmoa dute, ikuskizuna eskainiz. Gernika frontoiak, gainera, 57 metro ditu, eta zesta-puntaren jauregia bezala ezagutzen dute.