Gernikako piperra izango da nagusi biharko azoka berezian
Aurreko hilean bezala, uztailean ere, azoka berezia egingo dute Gernika-Lumon. Ekainetik abendura bitartean, hileko lehen zapatuetan egiten dute urtero azoka berezia herrian. Joan den hilean egin zuten, beraz, aurtengo lehena. Orduan, txakolina aurkeztu zuten jendaurrean; oraingoan, baina, Gernikako piperra izango da protagonista.
Bizkaiko hainbat herritatik etorritako ekoizleak bilduko dira plazan, eta, bertan, piperrekin egindako pintxoak dastatu ahalko dituzte herritarrek. Dena den, bestelako produktuak ere egongo dira salgai, betiko legez; besteak beste, Urdaibaiko baserritarrek eramandako fruta eta barazkiak, patea, eztia… Halaber, artisau produktuak ere egongo dira ikusgai eta salgai egun horretan.
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, 09:00etan zabalduko dute azoka eta 14:30era arte izango da beragaz gozatzeko aukera.
Gainera, haurrek ere izango dute zegaz gozatu, beraientzako jolasak jarriko baitituzte merkatu plazan bertan.