Ibarrangeluko bizilagunak botoa ematen, udal hauteskundeetan.
Gaur arratsaldean eratuko dute Ibarrangeluko Udala. Herritarrengandik jasotako botoei esker, Armendu Herri Kandidaturako Jesus Mari Ziluaga izango da berriro alkate. 19:00etan egingo dute osoko bilkura, eta eta horretan parte hartzeko gonbidapena egin du Armendu Herritarren Taldeak. Ibarrangelutarren konfiantza dutela esan du Armenduk, eta sostengu hori eskertu du. «Herri baten ibilbidean pertsonak dira garrantzitsuenak, pertsonak egiten dute herria eta pertsonei esker aurrera egiten dau Ibarrangeluk be. Gure konpromisoa berresten dugu lanean jarraitzeko Ibarrangeluko pertsona eta auzo guztien alde».
Udalaren osaketa atzeratu egin zuten Ibarrangelun, Tokiko Hauteskunde Batzordeak egindako zenbaketa Armenduk errekurrituta zuelako. 322 boto eta sei zinegotzi lortu zituen Armenduk 2015eko maiatzaren 24an egin zituzten udal hauteskundeetan. EAJk, aldiz, 107 boto izan zituen, eta zinegotzi bakarra. Boto baliogabeak 11 zirela jaso zuten egun hartako aktan, baina Tokiko Hauteskunde Batzordeak maiatzaren 27an sinatu zuen akta ez zetorren bat hauteskunde egunean udaletxean sinatutakoarekin. Hauteskunde Batzordearen aktak 323 boto eta 5 zinegotzi onartzen dizkio Armenduri, eta 108 boto eta bi zinegotzi EAJri. «Baliogabeen artean EAJren eta Armenduren boto bana zeuden, gutunazal berean. Boto horiek, gainera, apurtuta zeunden» –azaldu du Ziluagak–; «hala ere, Tokiko Hauteskunde Batzordearen zenbaketan parte hartu zuten Ibarrangeluko EAJko kideek boto horiek balekotzat har zezaten tematu ziren, eta eskaera onartu egin zioten azkenean». Boto bat gehiagorekin, bigarren zinegotzia zenbatu zuten jeltzaleek.
Zereginetatik harago
Helegitea jarri zuen Armenduk, eta auzia ebatzi arte itxaron behar izan dute udala osatzeko. Errekurtsoa ez diote onartu Armenduri, aurretiazko erreklamaziorik ez zegoelako. «Helegitea onartu dezaten lehenago erreklamazio bat egin behar da, zenbaketa egin eta hurrengo orduetan. Udalean egin genuen botoen zenbaketan ez zen aparteko arazorik izan, eta ez genuen espero Zonaldeko Hauteskunde Batzordean botoak aldatuko zituztenik».
Gertatutakoa jakiterako berandu zen erreklamazioa jartzeko, Armenduren hautagaiak azaldu legez.
Errekurtsoa onartu ez, baina Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio herri kandidaturari, eta Tokiko Hauteskunde Batzordeak bere zereginetatik harago jardun zuela aipatu du sententzian.