Maiatzaren 2an hasi zuen bermeotar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina. «Bizitzak salbatzea» dute helburu nagusi. Bi hilabete igaro ondoren, «oso pozik» daude lortu dituzten emaitzekin. Informazio ahalik eta osatuena ematen diete eurengana hurbiltzen direnei eta emaile izan gura duenari bidea errazten diote. Egun, emaile egin ahal izateko erraztasunak ematea eskatzen ari dira; odola emateko autobusetan egin ahal izatea, esaterako.
Bi hilabete hauetan konturatu dira hezur-muina emateari buruzko desinformazioa dela nagusi. Horregatik, taldeak informazioa ematen lan handia egin du. Lan horretan buru-belarri aritzen dira; horien artean, Mari Jose Martinez eta Sonia Dominguez. Asko dira beraiengana hurbildu direnak, eta asko dira emaile egitera animatzen ari direnak; «uste baino hobeto ari da joaten», diote. Bi hiletan, kanpainaren baitan, 25 hezur-muin emaile inguru egin dira.
Hala ere, oztopo «handi» bat aurkitzen dute bidean. Izan ere, hezur-muin emaile egiteko Galdakao edo Basurtoko ospitaleetara joan beharra daukate interesa duten guztiek. Taldeak horretarako erraztasunak jartzen baditu ere, «ordutegi aldetik emaile izateko prest dauden asko ezin daitezke hara joan». Hori dela eta, odola emateko erabiltzen diren autobusetan emaile egiteko aukera ematea eskatzen ari dira orain. Aukera hori posible balitz, «emaile asko lortuko genituzke».
Udalaren sostengua
«Erraztasunak» eman behar direla uste dute: «Jendea Bilbora joan behar bada, joan egiten da. Hori badakigu, baina herrian bertan aukera egongo balitz, emaileak bikoiztu egingo lirateke».
Horregatik, protesta egiten hasi dira. Odola emateko autobusa herrira datorren bakoitzean, emaile izateko prest dauden hainbat herritar batu egingo dira. Osasun Sailetik ematen duten informazioa irakurrita daramate eta beharrezkoak diren paperak sinatuta. Joan den astean egin zuten lehenengo saiakera, 15 lagun inguru batu ziren, guztiak emaile izateko prest. Autobusean sartuta, medikuak ezinezkoa zela esaten zien. Hala ere, eskaerak eta proposamenak egiteko orriak banatu zizkieten guztiei, horiek bete eta hurrengoan entregatzeko. Datorren astean autobusean emaile egiteko aukera egongo balitz, «gutxienez, 25 lagun inguru prest egongo liratekeela» uste du Martinezek.
«Ez dugu eskatzen autobusa datorren bakoitzean emaile egin ahal izatea, baina, agian, posible litzateke hiru hilerik behin aukera hori ematea», dio Martinezek. Hori posible ez balitz, bestalde, Gernika-Lumoko ospitalean egiteko aukera ematea ere eskatzen dute.
Kanpainaren une honetan, Bermeoko Udalaren sostengua ere badutela diote, eta «udal modura idatzi bat egingo diote Eusko Jaurlaritzari». Taldeak berak ere, Jaurlaritzara eta Transplante Koordinaziora idatziak bidali ditu, «azken horiek baitira trabak jartzen dizkigutenak». Odol-ateratzeen koordinazioarekin ere dagoeneko harremanetan jarri direla azaldu dute. «Batetik bestera bideratzen gaituzte, eta inork ez digu benetako erantzun bat ematen».
Transplante koordinaziotik, bestalde, denbora behar duen gaia dela iritzita, odola emateko autobusean froga hori egitea ezinezkoa dela diote. Aurretiazko azalpenak ematea «derrigorrezkoa» dela, eta horrek denbora eskatzen duela azaldu dute, eta diotenez,«autobusera txanda hartu barik bertaratzen da jendea».
Gainera, zentralizazioa Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan dagoela gogorarazten dute. Beste hainbat frogetarako bezala, kasu horretarako ere ospitaleetara joatea derrigorrezkoa dela nabarmendu dute.
Sinadurak batzen
Oztopoak oztopo, borrokan jarraituko dutela dio Bermeoko taldeak: «Odola emateko autobusa datorren bakoitzean han egongo gara, behar diren idatzi guztiak egingo ditugu eta berba egin behar den guztiekin berba egiteko prest agertuko gara. Une hauetan ere horretan gabiltza, gainera». Espainiar estatuko beste Autonomia Erkidego batzuetan egiten dutela eta, hemen ere «lortuko dutela» diote. Gainera, sinadurak batzen ere hasi dira eta 350 sinaduratik gora batu dituzte hiruzpalau egunetan.
Bestalde, Alemaniako DKMS Fundazioa ekarri gura dute Euskal Herrira, «horiek emaile egiteko erraztasun asko ematen dituzte, eta bateragarritasuna berresteko listua aztertzen duten kitak erabiltzen dituzte. Baina hemen eratzeko oztopo ugari ari dira izaten». Indarrak batu asmoz, asteon, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako beste talde batzuekin batu dira Bermeon bertan: «Guztiok bat eginda jo gura dugu Eusko Jaurlaritzara, denon proposamenak batuta».
Hurrengo ekintzak
Buru-belarri lanean ari da Bermeoko taldea. Irailera begira badituzte hainbat ekintza antolatuta. Elkartasunezko tonbola antolatzen ari dira irailaren 8rako eta 9rako. Txartelak euro batera izango dituzte salgai eta sari «oso onak» egongo direla aipatu dute. Bermeoko Udalak emanda, hainbat sari egongo dira, eta David Seco busturiarrak ere El Conquistador del Fin del Mundo telebista saioko kamiseta bat eman du tonbolarako, taldekide guztiak sinatuta. Hala ere, herritarrek dagoeneko erabiltzen ez dituzten gauzekin laguntzeko aukera dutela diote: «Kabidxen utzi ahalko dituzte gauzak».
Irailaren 19an, bestalde, Bermeoko estropaden egunean, elkartasunezko Zumba saioa egingo dute. Hain zuzen, Lameran elkartuko dira, jendearen parte hartzea areagotzeko. Martinezen arabera, ekintza horren helburu nagusia «jendea guregana hurbiltzea da; izan ere, informazioa ematen egongo gara». Horretatik ateratako dirua Bermeoko talde honek izan dituen gastuak estaltzeko eta Bizkaiko minbizidun haurren gurasoen elkarte Aspanovasi bideratzeko izango da.
Kanpaina Bermeon hasi dute eta Busturialdera zabaltzea zuten helburu; hala ere, momentuz, ez dute lortu. Eibarrera bai iritsi dira, ordea; «gure kanpainaren adierazle diren puntu laranjak jarriko dituzte herrian». Plentzia, Algorta eta Durangora ere heldu dira puntu laranjak, «gurekin harremanetan jartzen dira eta kanpaina zabaltzeko interesa agertzen dute».
Hala ere, ikasturte berriarekin ikastetxeetara jo gura dute eta horietan hitzaldiak eman. Hala, Gernika-Lumora iristeko aukera ere izango dute. Bestalde, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean eta 2an Mundakan egingo duten Mundaka Festivalean izango direla jakinarazi dute, bertaratzen direnei informazioa ematen.