Albaolaren txostenaren arabera 'Antxustegi' konpondu egin behar da
Albaolako teknikarien ustez, berreskuratzeko plana martxan jarriz gero, 'Antxustegi' itsas ondarearen «berreskuratze eredugarri» baten adibide bat bihur daitekeAlbaola Itsas Kultur Faktoriak egindako txostenak Antxustegi familiaren eta EH Bilduren te...
Albaolako teknikarien ustez, berreskuratzeko plana martxan jarriz gero, ‘Antxustegi’ itsas ondarearen «berreskuratze eredugarri» baten adibide bat bihur daiteke
Albaola Itsas Kultur Faktoriak egindako txostenak Antxustegi familiaren eta EH Bilduren tesiari jarraitzen diola argitu da. Txostenaren arabera, atunontzia konpondu eta berreskuratu egin beharko litzateke. «Gaur egun Euskal Herrian dagoen diesel motore eta bibero finkodun lehen belaunaldiko atun-ontzi tipologiako azken ordezkaria delako; Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban gordetzen den atunontzi zaharrena da».Albaolako teknikarien ustez, berreskuratzeko plana martxan jarriz gero, Antxustegi itsas ondarearen «berreskuratze eredugarri» baten adibide bihur daiteke, bai eta Bilboko Itsas Museoaren bildumako «ontzi garrantzitsuenetako bat» bihurtu ere.
«Ezohiko izaera historikoa»
EH Bilduk herenegun Legebiltzarrean eman zuen ezagutara Antxustegiren «balio historiko eta kulturala» aintzat hartzen dituen txostena. «Txostenaren egileek argi diote Antxustegi ondare garrantzitsua dela, ezohiko izaera historikoa duelako eta arrantzale komunitateen artean eta oro har, kostaldeko herrietan sentipen biziak sortzen dituen ondarea delako».
Txostenak dioenaren arabera, «ez da beranduegi ontzia berreskuratzeko». Dituen kalteak «larriak» direla dio, baina oraindik konpondu ahal dela gaineratzen du, «bere garaiko integritatea bereganatuz».
Txostena eskuetan, Estitxu Breñas EH Bilduko legebiltzarkideak esan du koalizioak legez besteko proposamena aurkeztuko duela. Proposamen horretan Jaurlaritzari eta Bilboko Itsas Museoko gainerako arduradunei ere txostenaren ondorio eta gomendioak aintzat hartzeko eskatuko diete. «Antxustegi konpontzeko eta berreskuratzeko neurri eraginkorrak har ditzatela eskatuko diegu. Guretzat penagarria eta onartezina litzateke erakundeen utzikeriagatik tamaina horretako ondare historiko eta kulturala galtzea».
EH Bilduk otsailean Legebiltzarrera eroan zuen gaia. Bilboko Itsas Museoan dagoen Ondarroako Antxustegi atunontzia desagertzeko zorian zegoela eta ondarea babesteko zer edo zer egin behar zela esan zuen. Legebiltzarra ontzia salbatzearen alde azaldu zen, eta EH Bilduren ekimenez, txosten teknikoa egiteko eskatu zuen.
Itxaropentsu
Salba dezagun Antxustegi plataformako kideek begi onez eta itxaropentsu ikusi dute azken proposamena. «Azken hiru urteotako salaketen ostean, aurrerapauso handia da. Arrazoia genuela argi ikusi da. Guretzat ez eze, euskaldun guztientzat berri pozgarria da. Izan ere, Antxustegi denon ondarea da, eta beronek duen balioa ezagutara eman da. Orain Eusko Jaurlaritzari dagokio hori dena onartu eta berreskuratze proiektua martxan jartzea. Dena euren esku dago».
Antxustegi berreskuratuko balitz, gainera, neurria etorkizunean Bilboko Itsas Museoarentzat ere «mesedegarria» izan daitekeela deritzote Antxustegitarrek. «Asmoa ontzia Euskaldu- naren zubiaren azpian, moila gainean zaharberritzea da, eta horrek bizitasun handia emango lioke museoari berari».
Albaolak egindako txostenari, halabaina, Jose Maria Unsainen (Donostiako Untzi Museoko zuzendaria) eta Juan Antonio Apraizen (itsas ondareari buruzko aditua eta historialaria) iritziek indar gehiago emango diotela uste dute plataformako kideek. «Bi aditu horien iritzia ere kontuan izatea guretzat oso garrantzitsua da».