Gaztelugatxe ingurua garbituko dute zapatuan, auzolanean
Parte hartu gura dutenek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea, eta bihar da horretarako azkenengo eguna. 09:30ean ipini dute hitzordua, Eneperiko aparkalekuanBermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, Gaztelugatxeko kostaldean dauden...
Parte hartu gura dutenek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea, eta bihar da horretarako azkenengo eguna. 09:30ean ipini dute hitzordua, Eneperiko aparkalekuan
Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, Gaztelugatxeko kostaldean dauden hondakinak garbitzeko boluntario jardunaldia antolatu dute zapaturako.Jardueraren helburua kala horretara itsasoak ekarritako hondakin guztiak kentzea dela azaldu du Bermeoko Udalak: botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak, besteren artean. Bestalde, ekimen horregaz euskal kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen-balioa eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu gura dute.
Zapatuko boluntario jardunaldian edozein lagunek parte har dezake, baina kontuan eduki behar dute kala harritsua dela.
Garbiketa lanetan parte hartu gura duten horiek Eneperi jatetxearen aparkalekuan egon beharko dute zapatuan, 09:30ean.
Itsasbehera aprobetxatu
Azaldu dutenez, itsasbehera aprobetxatuta egingo dituzte garbiketak. Lehendabizi, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruzko zenbait azalpen emango dizkiete boluntarioei. Ondoren, garbitu beharreko lekura oinez jaitsiko dira; eskularruak eta poltsak banatuko dituzte, eta taldeetan antolatuta hasiko dira lanean.
Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotzen dituzten hondakinak eskuz esku osatutako giza kate baten bitartez aterako dituzte amaieran, haitzetatik errepidera. Ondoren, hondakinen edukiontzi batera eroango dituztela jakinarazi dute, eta Bermeoko Udala arduratuko da horiek hondakin geldoen zabortegira eroateaz.
Garbiketan parte hartzen duten guztiei banatuko diete ura eta jana. Arropa eta oinetako erosoak eroatea gomendatzen dute, hau da, labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak. Ordezko arropa, txanoa, eguzkitako betaurrekoak, krema eta edaria eroatea ere komenigarria da.
Parte hartu gura duten horiek ezinbestekoa izango dute aurretiaz izena ematea, eta bihar da horretarako azkenengo eguna. Info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita eman beharko da izena.
Antolatzaileek materiala, garraioa eta derrigorrezko asegurua antolatu ahal izateko derrigorrezkoa da izena ematea. Izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat utzi beharko dute boluntario jardun gura dutenek, eta izena eman ostean, baieztapen erantzuna jasoko dutela diote.