Oposizioko taldeek diotenez, «informazio faltagatik» eman dute aurkako botoa. Hiru liberatu egotea ez dute onartu; alkatea bakarrik dago momentuz %100 jardunean
Agintaldi berriko lehenengo osoko bilkura adostasun barik amaitu zen barikuan Bermeoko Udalean. Lanean hasteko udalaren eraketa berria bozkatu behar zuten batetik, eta bestetik, zinegotzi liberatuen izendapena adostu beharra zeukaten. Ez batak ez besteak ez zuen aurrera egin. EH Bilduren proposamenek oposizioa osatzen duten Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ), Guzanen eta Izartu Bermeoren ezezko botoak jaso zituzten. Udal gobernu taldearen aburuz, «oposizioa batu egin da udalaren funtzionamendua blokeatzeko». Oposizioko taldeek aldiz, «udala blokeatzera ez datozela» diote. Aurkako botoa «informazio faltagatik» izan dela aipatu dute guztiek.
Udalaren eraketa berria bozkatu beharra zeukaten barikuko osoko bilkuran. Proposamen berriak lau batzorde informatibo proposatzen ditu, eta ez 11 gehi erakunde autonomoak orain arte modura. Udal gobernu taldearen arabera, «urteetan teknikoekin batera egindako lanaren emaitza da proposamena. Sailen arteko koordinazioa hobetzea eta horiek eraginkorragoak izatea du helburu». Lehentasunezko gaia zela eta, gobernua eratzeko egindako negoziazio batzar guztietan gaia jorratu izan dutela diote, horregatik, udal gobernuak ez du ulertzen zelan «informazio falta argudiatuta» desadostasuna agertu duten.
Ohiko batzordeekin lanean
Batzorde informatibo barik udalaren funtzionamendu normala eten egiten dela eta, ohiko batzorde informatiboekin jarraitzea proposatu zuen hortaz, udal gobernuak. EAJk eta Izartuk alde bozkatu zuten eta Guzan abstenitu egin zen. Udalak, beraz, orain arteko batzordeekin lanean jarraituko du. Hala ere, eraketa berria onartzeko ahaleginak egingo dituztela azaldu dute, udalarentzat zein herritarrentzat «egokiagoa» dela iritzita.
Udalaren jarduera egokia bermatzeko hiru pertsona liberatzeko proposamenari ere aurkako botoa eman zion oposizioak. Hala, proposamen berriak aztertu bitartean, alkatea izango da %100en udalean lanean izango den bakarra, eta oposizioaren borondatea «alkatea bera ere lana egiteko liberazio barik uztea» izan dela kritikatu dute.
EAJren ustez, EH Biduk herriak eman ez dion gehiengoa «inposatu» gura izan du, «beste talde guztiekaz landu eta adostu gabeko proposamenak mahai ganean jarrita». «Informazio falta» izan dutela kritikatzen dute, eta inogaz landu eta adostu gabeko proposamenak udalbatzarrera eroatea «errespetu falta» dela uste dute.
«Ahalik eta arinen» egitura berria eta liberatuen kopurua talde guztien artean adosteko borondatea agertu du EAJk. Era berean, «akordioen agintaldia» dela gogorarazi gura izan dute, «inposaketarik» ez dutela onartuko nabarmenduta.
Soldata %20 murriztu
Guzan plataformak ere EH Bilduk osoko bilkuran proposatutako puntuen aurka bozkatu du. Horien arabera, «bezperan, 18:00etan jaso zuten batzordeen antolaketa berria azaltzen duen txostena». Gaia lantzeko astirik ez dutela izan diote. Gainera, adostasunetara heltzeko prozedura hori «ez dela egokia» uste dute: «Orain arteko negoziazio dinamika eta informazio faltari buelta eman gura diogu».
Zinegotzi liberatu kopuruaren inguruan, bestalde, «inongo negoziaziorik ez dela egon» diote, proposamena zein izango zen, bezperan jaso zutela jakinarazita. Liberatu kopurua ez ezik, liberatu horiek jasoko duten soldata ere eztabaidatu gura du Guzanek. Liberatuen soldata %20 murriztea proposatuko dute. Murrizketarekin aurreztutako diru hori, herritarrek erabakitako ekimen sozioekonomiko batean inbertitzea proposatuko du plataforma berriak.
Egoerari buelta emateko biltzera deituko ditu Guzanek talde guztiak, euren helburua adostasunetara heltzea baita: «Hurrengo lau urteetako funtzionamendua zehaztuko duten erabakiak dira eta ezin dira informazio gabe eta egun batetik bestera hartu».
Izartu Bermeoren arabera, euren taldea ez dator udalaren funtzionamendua blokeatzera. Hurrengoetan informazioa “arinago eta zabalagoa” izan gura dutela diote, aztertzeko denbora izan dezaten.