Ontzi tradizionalen inguruko udako ikastaro bat egin dute, lehenengoz, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Ontziak hondoratzea "norberaren identitatearen aurka" egitea dela diote.

Arrantzaleen Museoan egin den udako ikastaroko saioetako bat
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituen udako ikastaroetako bat hartu du lehenengoz Bermeok; hain zuzen ere, Arrantzaleen Museoan egin dute. Hiru egunetan ontzi tradizionalen egoerari buruz aritu izan dira, egun duten egoeraz eta etorkizunaz. Euskal Herriko ontzi tradizionalen egoera Ingalaterrakoekin edo Kataluniakoekin alderatzeko aukera ere izan dute.
Miren Gabantxo EHUren Zabalkuntza zuzendariak itsasontzi tradizionalen inguruko udako ikastaro bat antolatzeko aukera ikusi zuen; ikuspuntu etnografiko, antropologiko eta arkeologikotik hausnarketa egiteko aukera. Berritasun ugari izan direla dio Gabantxok: “Unibertsitateak lehenengoz antolatu du Bermeon udako ikastaroa, non eta Arrantzaleen Museoan, eta ontzi tradizionalen inguruko hausnarketa akademikoa egiteko”. Hala, orain arte itsas ondarea berreskuratzen ibili diren boluntarioen lanari legitimazio akademikoa eman zaiola iruditzen zaio.
Gabantxoren ustez, “basakeria kulturala da itsasontziak hondoratzea, ontzi bakoitzak izan duen eragin ekonomikoa, soziala eta emozionala aztertu barik. Batetik, nortzuk garen ulertzeko balio du, eta, bestetik, gure identitatea zein den jakiteko”. Historia galdua ez ezik, etorkizunera begira galtzen den potentziala nabarmendu du Gabantxok.
Itsasontziak museo
Ingalaterrako aditu batek udako ikastaroan azaldu duenez, loteriatik ateratzen dute dirua euren erakundea mantentzeko. Ingalaterraren historia eta identitatea itsasontzietan oinarrituta dagoela dio. Eta, han, itsasontziak museo bihurtzen dituztela horien inguruko turismoa sortzeko. Ingalaterra, hortaz, Euskal Herriarekin alderatuta “beste dimentsio” batean dago.
Gabantxoren hitzetan, “hemen gure ondarea hondoratzen dugu zoroen modura. Dirua, aberastasuna, historia eta memoria hondoratzen ari gara, nortzuk garen eta nora goazen errespetatu barik”. Bere ustez, “zoramena” da: Erreplikak egiten diren bitartean, originalak hondoratzen ari dira. “Norberaren identitatearen aurka” egitea dela deritzo.
Hainbat dira ontzi tradizionalen inguruko udako ikastarora bildu direnak. Bermeotarrak ez ezik, Lapurditik eta Gipuzkoatik etorri dira entzuleak, eta hainbat erakundetako teknikariak ere egon dira. 40 lagun inguru batu dira egunero, ikasteko eta ideiak emateko prest. Guztien artean, “sentsibilizazio apur batekin eta seriotasun apur batekin” zerbait egin daitekeela uste du Gabantxok, eta EHU prest dago giltzarri modura laguntzeko. Haren hitzetan, udako ikastaro hau “hasiera” baino ez da. EHUren Bizkaiko errektoretzak Bermeoko Udalarekin hitzarmen bat egiteko asmoa duela iragarri du, eta kultura kontuetan lagunduko duela.
Sentsibilizazio arloa da gehien landu behar den gaietako bat: “Denok pentsatu behar dugu zer eta zelan egin, aurrerantzean ere itsasontziak hondora ez daitezen. Gainera, ontzi bakoitzari denbora eman behar zaio, bakoitzean egin den lana zein den ikertzeko. Horietatik dator gure nortasuna eta aberastasuna. Euskal Herriak inondik dirua atera badu, itsasotik izan da”.
Herriaren erabakia
Itsasontzi tradizionaletan aditua da Juan Antonio Apraiz Koiote bermeotarra. Haren esanetan, berandu da jada, eta ez da udalak, partikularrak, museoak edota taldeak zerbait egiteko momentua, herri modura erabaki bat hartzeko unea baizik. “Itsas ondarea mantendu nahi bada, herriak hartu beharko du erabakia”, dio Koiotek.
Bien bitartean, beste itsasontzi bat hondoratuko da aurki. Hegaluzearen kanpaina amaitzen denean, irailean, Bermeon oraindik lanean dagoen egurrezko ontzi bakarra desegingo dute: Gure Itxarkundia itsasontzia. “Eta horrelakorik gehiago ez da egingo”.
JUAN ANTONIO APRAIZ KOIOTE: “Urteetako lana hilerrian amaitzea ez litzaidake gustatuko”
Juan Antonio Apraiz Koiote (Bermeo, 1958) merkataritza kapitaina da, bai eta itsas ikerlaria ere. Urteak daramatza itsasoaren ondarea aztertzen eta zaintzen. EHUren udako ikastaroetan parte hartu du. Bere ezagutzak besteekin banatzeko aukera izan du, bai eta besteengandik ikasteko aukera ere. Iaz, Arrain Azokako Hegaluze Saria eman zioten itsasoaren ondarea aztertzen eta zaintzen urteetan egin duen lanagatik. Koiotek dio, baina, besteen lana batu eta ahal duenean argitaratu baino ez duela egiten. Benetako protagonistak, hortaz, besteak direla.
Gaur egun, zelan dago itsas ondarea?
Oso txarto. Ez gara gai izan gure ondarea mantentzeko. Urteetan, gurean, ez zaio jaramonik egin itsas ondareari. Bai, ordea, beste herrialde batzuetan; Frantzian eta Ingalaterran, esaterako. Herrialde horietan, altxor modura zaintzen dute ondarea. Hemen, berriz, aurrera begiratzekoak gara, atzekoa zaindu barik.
Ikastaro honen bitartez, beste herrialde batzuetako esperientziak ezagutu ahal izan dituzue.
Bai, eta hori zen helburuetako bat, beste herrialde batzuetan gauzak zelan egiten dituzten ezagutaraztea. Ingalaterrako eta Kataluniako adituak egon dira Bermeon.
Uste dut, hemen, gauzak itxura emateko baino ez direla berreskuratzen, baina gauzak benetan zelan izan diren aztertu barik egiten dituzte. Gure herrian, esaterako, antzinakoak izatea gura dugu, horrenbeste urte ez dituzten batel polit batzuk, eta hori ezin da izan, ez baitugu sasoi horietako ontzirik. Hortaz, zenbait kasutan, erreplikak egin dira. Nahiz eta, ni neu, berba horrekin ez nagoen ados. Erreplika batek ezaugarri berdin-berdinak eduki beharko lituzke, eta antzinako gauzak aztertu barik, ezin daiteke erreplika bat egin.
Adibide bat jartzekotan, Kristobal Kolonen Carabela Santamaría ontzia inork ez daki zelakoa zen, baina munduan ontzi horren 30 erreplikatik gora daude. Batek ez dauka bestearekin zerikusirik, baina, diotenez, guztiak dira erreplika zehatzak. Ontzi originala baino askoz ere handiagoak dira erreplika denak.
Bestalde, arraunerako erabili izan den ontzi bat ezin daiteke, gero, belaontzi bat bihur. Horrek guztiak ikuspegi etsigarria ematen du.
Buelta ematerik ba al dago?
Lehenik eta behin, daukaguna zer den jakin beharra daukagu. Gauza guztiek zenbaki bat eta izen bat eduki behar dute inbentario batean; bestela, ez dira existitzen. Hori da egin beharko genukeen lehenengo gauza: zerrenda bat egin, katalogazio batekin. Gauza bakoitzak, gainera, bere izena eduki beharko luke. Gertatzen dena da gehiago saltzeagatik batzuetan beste termino batzuk erabiltzen dituztela.
Zu zeu ontziak berreskuratzen ari zara, ezta?
Bai, lau ditut. Zahar-zaharra, hau da, mende hasierakoa, bakarra daukat. Besteak mende erdialdekoak dira. Nik nire lana ondo egiteko ahalegina egin dut, baina beste batek baloratuko beharko luke ondo dagoen.
Hau guztia ondarea da, gauza tradizionalak dira. Niretzat, nire ondare eta altxor handiena, baina, nire hizkuntza da. Euskalduna naiz. Hori galtzen badut, zer gertatuko da? Zaila da itsas ondarearen inguruko azterketak eta ikerketak euskaraz aurkitzea, eta horretan ere lan egin beharko genuke. Itsasoan lehen erabiltzen ziren berba asko galdu egin dira, eta oraindik badago horiek berreskuratzeko aukera. Berba horiek batzen ari gara, eta erabili egin behar dira.
Beharrezkoak al dira ikerketak?
Bai ikerketak egin eta argitaratu, beste batzuk horiek hartu eta alderatzeko aukera izan dezaten. Gainera, kritikoak izan beharra daukagu, kritikatu barik, baina. Urteak daramatzat ikerketak egiten, eta ez nuke nahi nire lanak hilerrian amaitzea.
Ikastaro honek lagunduko al du zerbait egiten hasteko?
Mugitzen garenak gutxi gara, eta arduradunek ez dute kasu handirik egiten. Itsas munduan, gainera, ez dago aditu asko. Hala ere, Miren Gabantxo EHUko Zabalkuntza zuzendariak esan duenez, posible izango litzateke honen inguruko zerbait gehiago egitea.