EAJren ustez «herriak eman ez dion gehiengo absolutua» gura zuen EH Bilduk. Koalizioak, berriz, jeltzaleek «negoziatu barik, inposatu egin» gura zutela diote. Izartu eta Guzan plataformen arabera, adostasunetara heltzeko gogorik ez da egon

Bermeoko udalbatza
«Herriarentzako ona izan zitekeelako» Gobernu taldea alderdi guztiekaz osatzeko asmoa zuen EH Bilduk. Hala, alderdi guztiekaz batuta, adostasunetara iristen saiatu dira baina ez dute lortu eta gobernu bateratua osatzeko negoziazioak apurtu dituzte. Hori dela eta, EH Bilduk gutxiengoan aginduko du datozen lau urteetan.
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) arabera, EH Bilduk «herriak eman ez dion gehiengo absolutua inposatu gura izan du, eta bakarkako gobernua osatzea probokatu gura izan dute».
EH Bildukoek, berriz, «oso eskuzabalak» izan direla uste dute: «hasieratik argi utzi dugu proposamen guztiak negoziatzeko eta aztertzeko igirita zeudela». Hala, taldeek euren proposamenak egin zituzten. Azken batzarraren bezperan, EAJkoek ere euren proposamenak aurkeztu zituzten. «Proposamenak egin beharrean, gobernua zelan banatu eta bakoitza non egon beharko lukeen esaten zutela» diote EH Bildukoek: «Aurkeztu zuten dokumentu ia guztia hizki gorriz zegoen, negoziaezinak jarrita. Zur eta lur gelditu ginen, eta negoziazioak bertan behera geratu ziren. Negoziazioak egiteko geratu, eta proposamenetan hasieratik negoziaezinak direla jartzen bada, argi dago negoziaziorako gogo gitxi dagoela batetik, eta bestetik, negoziaketak apurtzeko gogo handia dagoela. Horma bat aurkitu dugu gure proposamenen aurrean, eta gure ustez, ez da egokia». Beraz, Bermeoko EH Bilduren ustez EAJk «negoziatu beharrean inposatu egin» gura izan du.
«Proposamen desleiala»
Jeltzaleen esanetan, EH Bilduk estamentu guztietan «gehiengoa eta lidergotza» ematen zion proposamen «desleial eta errespetu bakoa» aurkeztu zuen: «Esaterako, Gobernu Batzordea osatzeko zera proposatzen zuten: EH Bilduk 3 ordezkari, EAJk 1, Guzanek 1 eta Izartuk 1». Gainera, EH Bilduko ordezkariek «eurak bakarrik gobernatzeko legitimazioa dutela eta koalizioa egin arren, alkateak bere kabuz, dekretu bidez, erabakiak hartzeko aukera izango lukeela» esan zietela dio EAJk.
Gobernurako koalizioak «herriak eskatutako jarrera aldaketaren isla izan beharko lukeela» uste dute EAJkoek. Hala izanik, Gobernu Batzordearen osaera hauteskundeetako emaitzekaz «orekatua» izan beharko lukeela diote jeltzaleek: EH Bilduk 2, EAJk 2 eta Guzanek eta Izartuk ordezkari bana.
Hala ere, EH Bilduren «proposamen surrealisten» aurrean, «negoziazioa apurtu ordez», beste ahalegin bat egin, eta kontraproposamen bat aurkeztu zutela diote EAJkoek. Besteren artean, dekretu bidez gobernatzeari uko egitea, zinegotzi liberatuen kopurua 3 izatea eta prentsa asesorea udal guztiaren zerbitzura jartzea eta lehiaketa bidez kontratatzea eskatzen zuten. Horiek onartu ez, eta negoziazioak «apurtutzat eman dituzte, herriaren alde modu bateratuan lan egiteko aukera galduta». Guzanek eta Izartuk, berriz, koalizio baten sartzeko baldintza nagusitzat, EAJ barruan egotea zela gogorarazten dute jeltzaleek. Hortaz, «herriaren nahia alde batera utzita, EH Bilduk gutxiengoan aginduko du».
Hauteskundeak irabazi
EH Bilduk, bestalde, argi utzi gura izan du euren taldea izan dela Bermeon hauteskundeak irabazi dituena. Horien arabera, euren taldea izan da, gainera, gobernua talde guztien artean osatzeko batzarrak deitu dituena, eta bai eta proposamenak egiten hasi direnak ere. «Mahai gainean jarri genituen zereginak eta beharrezkoak ikusten genituen proiektuak. Bestalde, proiektuak aurrera eroateko talde bakoitzak bere burua non ikusten zuen esateko galdetu genien», adierazi dute.
EH Bilduren ustez, EAJk agian, udal mailan beste estrategia batzuk eduki ditzake, izan ere, gobernuak osatzeko PSOErekin elkartu dira leku askotan. «Gure hausnarketa baino ez da, baina agian, EAJkoei ez zaie komeni EH Bildugaz gobernuak osatzen ikustea», diote.
Bien bitartean, bere bidean jarraituta, udala martxan jarriko du Bermeoko EH Bilduk eta aurkeztu dituzten proiektuak gauzatzen hasiko direla azaldu dute. Gogorarazi dutenez, «ateak zabalik dituzte elkarlanerako».
«Ikusle baino ez»
Izartu Bermeotik adierazi dutenez, lehenengo momentutik «ilusioaz beteta» egon dira, «prest agertu gara gure herriaren alde elkarlanean aritzeko». Azaldu dutenez, «buru belarri sartu ziren negoziazioen jokoan, proiektuaren bideragarritasunaz konbentzituta. Gobernuan parte hartzeko baldintzak eta proposamenak aurkeztu genituen, legealdi honetako oinarri etikoak finkatzeko eta birsortze demokrartikoari hasiera emateko helburuz».
zartutik azaldu dutenez, «EH Bilduk ez ditu onartzen EAJren proposamen negoziaezinak, eta aldi berean EAJtik arrazoizkoak direla diote. Elkarri egozten diote adostasunera iristeko benetazko borondaterik ez izatea». Izartu herri plataformaren ustez, «prozesu guztia antzerki bat izan da, eta Izartu ikusle bat baino ez». Horien arabera, ez batak ez besteak ez zuen adostasunera heltzeko borondaterik.
Aurrerantzean, baina, «jarrera arduratsua» izango dutela diote: «gobernuaren gaineko kontrol zorrotza izango dute, herriarentzako onak diren ekimenak babestuko dituzte eta ekimen propioak landuko dituzte, helburu nagusi bategaz: bermeotarren bizi kalitatea hobetzea».
Negoziaziorik ez
Guzan herri plataformak ere, Izarturen modura, EH Bilduren eta EAJren artean adostasunetara iristeko gogorik ez dela egon uste du. «Hitz bat bera ere negoziatu barik eten dira elkarrizketa guztiak», diote Guzanetik. Azaldu dutenaren arabera, «ez da egon irtenbideak bilatzeko aukerarik. Ez da egon iritzi ezberdinak hurbiltzeko saiakerarik. Ez da egon alternatibak pentsatzeko espaziorik. Azken finean, ez dugu uste negoziaziorik egon denik ere».
Guzan mugimenduak «argi dauka» ez duela parte hartuko aurreko urteetatik datozen «dinamika toxikoetan». Uste dutenez, «guztion onerako izango da gure energiak konponbideak bilatzera bideratzen baditugu, konfrontazioetatik urrun eta lan egiteko dinamika positiboagoak bilatuz», eta horretan ari direla diote, «egoera honi buelta emateko lanean», hori delako Guzanen ustez, bermeotarrek beraien bozkekaz adierazi zuten nahia.
Herri batzarra, eguenean
Hasieratik eta amaierara, negoziazioetan gertatu denaren berri eman asmoz, herri batzarra deitu du eguenerako EH Bilduk. Nestor Basterretxea aretoan jarri dute hitzordua, 20:00retan. Kezka eta galdera guztiak argitzeko prest agertu dira eta dokumentuak mahai gainean jarrita egingo dutela diote.