Hondartzan su garren artean
Gaur arratsaldean Kaiarrixan ikurriña ipini eta eatarrek aspertzeko astirik ez dute izango egunotan. San Joan jaiek xarma berezia dute kostaldeko herri txiki honetan.San Joan jaiak herri askotan ospatzen dituzte, baina gutxitan daukate Ean duten xarma...
Gaur arratsaldean Kaiarrixan ikurriña ipini eta eatarrek aspertzeko astirik ez dute izango egunotan. San Joan jaiek xarma berezia dute kostaldeko herri txiki honetan.
San Joan jaiak herri askotan ospatzen dituzte, baina gutxitan daukate Ean duten xarma. Gaur arratsaldean, esaterako, modu berezian emango diete hasiera jaiei.Aurten hirugarren urtez, Kaiarrixa irlaraino joango dira txalupa eta bateletan, eta tontorrean ikurriña ipini eta txupina botako dute. Iluntzean, triki-bertso poteoa egin, eta, gauean, Primeros Auxilios taldeak eta Zirkinik Bez erromeriak girotuko dute herria.
«Jaien hasiera apur bat berezia da beste herri batzuekin alderatuta, duela urte batzuk zerbait desberdina egitea erabaki genuen, eta itsasoa hemen dugunez…», esan dute Jai Batzordeko kideek.
Jaietako ekitaldi gehienak plazoletan egiten dituzte, baina kostaldekoak izanda, itsasoak eta hondartzak badute beren presentzia. Horren adibide da, besteak beste, San Joan bezpera.
19:30ak aldera hondartzan batuko dira herritarrak, eta saiheski eta sardina parrilladekin egingo dute afari-merienda.
Ostean, moilatik su artifizialak botako dituzte, eta jarraian piztuko dute sua. «Su artifizialak sakratuak dira herritarrentzat, pentsatu genuen zer edo zer desberdina egitea, suagaz antzerkiren bat edo; baina ezin ditugu kendu, jendeari asko gustatzen zaizkiolako», azaldu dute Jai Batzordeko kideek.
Erreka eguna
Eatarrentzat hondartzan suaren inguruan batzea momentu berezia izaten da. Halaber, bizilagun askorentzat egun bereziena Erreka eguna izaten da: «Herritarrontzat, eta batik bat gazteontzat, egun bereziena da. Gainera, aurten barikua izanda, egun indartsua izango da».
Egun horretan, goizean hasi eta goizalderarte giro ederra izaten dute. Goizean ikusmin handia eragiten duen ate gainekoa dantzatzen du gazte batek herritik zehar. Arratsaldean errekara sartzen dira, eta han ere dantza egiten dute. «Piñatak eskegi, eta bota egiten ditugu lehenengo; gero, denak errekara sartzen gara. Primeran pasatzen dugu».
Bihar ere egun pasa
Bestalde, aurtengo berrikuntza bakarra biharko antolatu duten tortilla txapelketa izango da: «Lehenengo aldiz egingo da, eta parte hartzaileei Jai Batzordeak entsalada emango die».
Hala, kuadrillek tortillak prestatuko dituzte lehenengo, eta gero, mahai luzeak ipini eta elkarrekin bazkalduko dute.
Arratsaldean mus txapelketa egingo dute, eta ordu laurden lehenago eman beharko da izena plazan. Iluntzean, berriz, herriko dantza taldearen emanaldia ikusi eta, kantu poteoan, kanta herrikoiak zein euskal kantak abestuko dituzte.
Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez, udan sarritan egiten dute kantu poteoa herritarrek; batik bat abuztuan, zapaturo elkartzen baitira. «Udan egiten duten moduan, guk ere liburuxkak banatuko ditugu, letrak ez dakizkitenek kantatu ahal izateko».
Gaur hasi eta hurrengo barikurarte adin eta gustu guztietarako eskaintza dute Ean. Arratsaldean murgilduko dira jai giroan, eta Erreka egunagaz borobilduko dituzte San Joan jaiak.