Iñaki Aurrekoetxea eta Maider Amutio. Sare-ko kideak
Aurrekoetxea eta Amutio, dispertsioari buruzko liburuxkarekin
Batazbeste 700 kilometrora dituzte gatibu Busturialdeko presoak, eta dispertsioa bera ezagutzera ematea du helburu Sarek. Hilaren 27an, Gernikako kaleak bete gura dituztela azaldu dute Maider Amutiok (Gernika, 1982) eta Iñaki Aurrekoetxeak (Bilbo, 1970).
Sarekide zarete, eta dinamika barria jarri duzue martxan. Zertan datza?
Iñaki Aurrekoetxea: Hilaren 27an mobilizazio erraldoia planteatu dugu eskualde mailan. Oinarrizko eskubideen alde eta sakabanaketaren aurka egiteko helburuagaz.
Maider Amutio: Irudikatu nahi dugu, gehienbat, herri honetan eta eskualde honetan ere jende asko dagoela dispertsioaren kontra.
Gernika-Lumon izango da?
M. A.: Bai, baina eskualde osora zabaldu dugu deia.
Mobilizazioaren aurretik atxikimenduak batu gura dituzue, eta horretarako ‘Neupe amaittukot’ kanpaina jarri duzue martxan.
M. A.: Bai. Web orrialde bat dugu: neupeamaittukot.org, eta bertan dago informazioa: zer egingo den, kanpainak zertan datzan.. Eta orri horretan badago neupeamaittukot izena duen atala. Bertan emon daiteke atxikimendua. Manifestu bat ere badago, zeinak manifestazioaren arrazoiak azaltzen dituen. Beraz, izena emanez, manifestazioa indartzeko modu bat dira atxikimenduak. Aparte, taberna ezberdinetan ere eskuratu daitezke atxikimendua emateko eskuorri horiek.
Zergatik orain?
I.A.: Urtebete da Sare sortu zenetik. Berez, Euskal Herri mailako elkartea da, sare herritarra. Aurten presoen sakabanaketan jarri du indarra, baina ez da helburu bakarra. Horregatik, liburuxka bat banatzen ari gara. 500.000 ale dira Euskal Herri osoan, eta horren bitartez ezagutzera eman nahi dugu errealitate hori, badakigulako dispertsioa zer den, baina ez dugu ezagutzen. Liburu horrek gauza asko eman ditu ezagutzera. Badakigu asko direla dispertsioa injustizia larritzat jotzen dutenak, presoen eskubideak urratzen dituelako.
Zeintzuk?
I.A.: Presoen intimidaderako eskubidea, bere inguru hurbilean egoteko eskubidea eta, bide batez, senideena. Badakigu, gainera, irakurketa politiko bat egiten dela sakabanaketa ezarri zutenen aldetik, mendeku politikoa dagoela hor atzean. Baina giza eta oinarrizko eskubide den aldetik, dispertsioa amaitu egin behar dela ikusten dugu, eta orain da momentua norbanakoek eurek ere «neupe amaittukot» esateko.
M. A.: Bestalde, Busturialdeko preso denak daude sakabanatuta; batezbeste, 725 kilometrora. Astero-astero, preso horien senide eta lagunek 10.000 kilometro Eskualdeko herritarren oinarrizko eskubideen urraketa bat da, eta bertoko jendeak horrekin amaitu behar dela adieraz dezala nahi dugu.
Herritarrak kontziente dira sakabanaketak suposatzen duenarekin?
M.A.: Nire ustez, jakin badakite dagoela, sakabanaketa ematen dela, baina ez dute ezagutzen. Ez dira kontziente benetan suposatzen duenarekin, senide eta lagunen eguneroko bizimoduan zer suposatzen duen, ezta presoen egunerokotasunean ere. Hala ere, sakabanaketa, batez ere, senideen kontrako neurri bat da. Bizitza asko baldintzatzen du. Kilometro asko dira, diru asko, neke handia… Eta sufrimentu horrekin amaitu daiteke, erabaki politiko bat delako.
I.A.: Jendeak badaki esistitzen dela, eta badaki barikuetan senide batzuk errepidean kilomtero asko egin behar dituztela. Baina ez dute ikusi nahi politikarekin lotzen dutelako. Gatazka politikoa bere modurik gordinenean zegoenean irakurketa hori egitea agian logikoagoa zen. Hala ere, argi dago sakabanaketak helburu politikoak dituela eta kalte egiten duela. Orain, baina, ikusita gatazka politikoak hartu duen norabidea, konponbidean gaudela eta elkarbizitzarako planak egiten ari garela, momentua dela uste dugu urrun egon den jendea gizarte arazo honetara hurbiltzeko. Oinarrizko eskubideen urraketa bat da, eta horrekin amaitzeko eskatu beharko luke gizarteak; herri honetan eman behar diren pausoen artean bat sakabanaketarekin amaitzea izan behar delako. Beraz, politika horren aurka naturalitate osoarekin eta bildurrik gabe egin beharko lukete herritarrek.
Zelan ulertarazi gizarteari oinarrizko eskubideak errespetatzea ez dela politikoen erantzukizuna bakarrik?
M.A.: Iñakik esan duen legez, sakabanaketak inoiz ez du zentzurik izan, eta gaur egun gutxiago. Gizarte modura eskubide bat urratzen bada, gizarte osoaren eskubidea urratzen da. Beraz, ikusi behar arazo sozial bat dela; gure gizartearen zati batek oraindik bere oinarrziko eskubideak ez dituelako bermatuta.
I.A.: Ez da kapritxo bat, ezta pribilegio bat. Oinarrizko eskubidea da, eta justizia da eskatzen duguna. Preso denei onartzen zaizkien eskubideak dira, baina euskal gatazkarekin lotutako presoei ez. Oso larria da, Gorka Frailerekin gertatu izan dena, baina medio askok izkutatu egingo dute, nahita, eta hori bai badela erabaki politiko bat.
Dispertsioaren ondorioa da, baita, gaixo dauden presoek beraien senideen babesa ezin izatea, urrun daudelako.
M.A.: Eta ezin dute konfiantzazko medikurik izan, ezta konfiantzazko tratu bat. Baina konponbiderako dispertsioarekin amaitzea oinarrizko pausoa da, eta hori ere gizarte osoaren arazoa da. Oinarrizko eskubideak errespetatu behar dira, baina konponbiderako pausoak ere eman behar dira.
Presoek beraien zigorra etxetik gertu betetzearen eskubidea, gainera, Europak berak onartua du.
I.A.: Bai, azken batean, Frantzia eta Espainiak egiten dutena da nazioarte mailako urraketa bat. Hala ere, botere politiko eta ekonomikoak daude horren gainetik, eta statu quo hori mantendu egiten dute.
M.A.: Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Siberian zituzten Errusiako bi presori onartu zien beraien zigorra etxetik gertu betetzea. Ukraniako beste preso bati ere gauza bera onartu diote, eta, epaitegiak arguditu zuen bere amak, laurogeita piku urtekoak, ezin zuela semea bisitatu. Beraz, familia bisitarako eskubidea urratzen zela.
Laurogeitik gorako zenbat ama daude eskualdean, zenbat aita, senide…?
M.A.: Bai, badaude. Badaude senideak bisitatzera joan ezin duten edadeko jende asko, edota oso gutxitan joan daitezkeenak. Azken batean, bidaia hori egiteak neke handia suposatzen diolako. Beraz, hilabeteak edo urteak eman ditzakete preso duten familiako hori ikusi gabe.
Eta ekonomikoki, zer suposatzen du dispertsioak?
M.A.: Joateko modu ezberdinak daude, baliabideen arabera, eta distantziaren arabera: kotxean, hegazkinez, autobusean… Baina hilero-hilero eta urte askoan ehunka euroko gastua egin behar dute. Batazbeste, familiako, 12.000 euro urtean. Ia-ia urte osoko soldata.