
Urteroko hitzordua dute motorzaleek asteburuan Bermeon. Hutsik egin barik Izaro Bikers Bermeoko motorzaleen elkarteak VI. Magurios topaketak antolatu ditu. Iaz topaketan bildutako 600 motoak gainditzea espero dute aurten antolatzaileek. Izan ere, Izaro Bikers elkartetik jakinarazi dutenez, «Euskal Herriko toki desberdinetatik zein Espainiatik etorriko diren motorzale askok baieztatu dute bertaratzea».
Barikuan emango diete hasiera topaketei eta hiru eguneko egitarau zabala izango dute aurretik. Motorzaleez gain, bertaratzen diren guztiek izango dute ondo pasatzeko aukera.
Aurreko urteetako formatuari eutsita, aurten ere umeentzako zein nagusientzako jarduerak antolatu dituzte. Zapaturako prestatu dituzte ekintza gehienak; motoekin egiteko ibilbideak, trial bizikleten eakustaldia, musika eta umeentzako zein nagusientzako jokoak izango dira, besteren artean. Hala ere, domeka goizean ez dira jarduerak falta izango.
Bariku iluntzetik, baina, Burujabetasun zelaian kanpatzeko aukera izango dute motorzaleek, «hainbat baitira kanpotik etortzen direnak». Hala ere, iaz egin modura, herriko hotelak, ostatuak eta nekazal turismoak betetzea espero dute antolatzaileek.
Topaketetan parte hartu gura duten motorzaleek, izena eman beharko dute 15 euro ordainduta. Prezio horren barruan bi egunetako otorduak sartzen dira, eta baita kanpaldia ere.
ASTEBURUKO EGITARAUA
– Barikua:
- 20:00. Txosna eta kanpaldirako gunea irekiko dute. Baratxuri sopa eskainiko dute.
– Zapatua:
- 10:00. Izena emateko tartea zabalduko dute.
- 11:00-12:00. Txalaparta saioa.
- 11:30-14:30. Txikienentzako jokoak egingo dituzte.
- 12:00-13:00. Motoekin ibilbidea egingo dute.
- 13:00-14:30. Trial bizikleten erakustaldia, Trialsin group-en eskutik.
- 14:30. Izena eman dutenentzako bazkaria.
- 16:00-18:00. Motoekin ibilbidea egingo dute.
- 18:30-21:00. Motorzaleentzako jokoak egingo dituzte.
- 21:00-21:30. Sarien banaketak.
- 22:00-23:00. Izena eman dutenentzako afaria.
- 23:30-24:00. Argi-zuziekin ibilbidea egingo dute motoetan, herritik.
- 24:00-03:00. DJ Oihan Vegagaz diskofesta.
– Domeka:
- 08:00-09:30. Parte hartzaileek dutxatzeko aukera izango dute.
- 09:00-10:00. Izena emon dutenentzako gosaria.
- 11:00-12:30. Motoekin ibilbidea egingo dute.
- 13:00-14:00. Stuntman.
- 14:00. Zozketak eta Bertonek eskainitako txekeen (75 euro) banaketa.
- 14:30. Izena emon dutenentzako bazkaria.
- 15:00. Agurra.