
Koldo Serra zuzentzen ari den Gernikako bonbardaketaren filmaren grabaketa ezbeharra gertatu zen tokian dago. “Gernika” izeneko pelikula Gernikan grabatua izaten ari da, hain zuzen. Azken asteetan zehar errodaia Euskal Herriko hainbat tokitan zehar burutu da, eta, besteak beste, San Juan de Gaztelugatxe, Getxo, Barakaldo. Lekeitio edo Artziniegan izan dira eszena desberdinen kokalekua.
Bilboko zuzendariaren film berriak maitasun istorio bat azalduko du, 1937ko apirilaren 26an gertatu zen erasoa oinarri izanez. Pelikulak aurrekontu handia dauka eta sona handiko aktore taldea dago bertan. Azken asteetan kokapen desberdinak erabili dituzte bonbardaketa gertatu aurreko Gernika-Lumo egia bihurtzeko berriz. Herria guztiz aldatuta badago ere, leku batzuk erabilgarriak dira eta Pasealekua plato handi bat bihurtu zen atzokoan.
Pelikulak Henry, kazetari itxurazale, eta errepublikako berrien zentzuratzailea den Teresaren arteko erlazioa du ardatz. Bi protagonistak Gernikan batzen dira momentu historiko hartan eta gertaera desberdinei aurre egin beharko diete: herri baten aurkako erasorik famatuena, propaganda desberdinen lehia edo prentsa handinahiaren goraldia, besteak beste. Filmeko argumentua fikziozkoa bada ere, pertsonaiak 30. hamarkada hartan izan ziren pertsonengan pentsatuak daude. Ernest Hemingway, Robert Capa edo George Steer kazetariak entzute handia lortu aurretik, beraien gazte denboran Euskal Herriko hainbat lekutan izan ziren..
“Gernika” izeneko filmak Hollywooden egiten diren itxura izan nahi du; sei milioi euroko aurrekontuarekin eta ingelesez grabatuta, James Darcy (Master and commander, Cloud Atlas), Jack Davenport (Pirates of the Caribbean) edo Barbara Goenaga donostiarraren partaidetza dauka. Koldo Serraren hitzetan “maitasun istorioaz haratago, jendeak bonbardaketa ikusi nahi du eta era fidelenean erakusten saiatuko gara”. Horrez gain, “aurrekontu handia daukagu eta kokapen errealetan grabatzea zaila bada ere, emaitza ikusgarria suertatuko da” zuzendariak dioenaren arabera. Sony Pictures produktoreak bananduko du zinema desberdinetan eta horrek esan nahi du Gernika-Lumon gertatu zen ezbeharra mundu guztian zehar ikusteko aukera izango dela.