Bertoko museoek ateak zabalduko dituzte Euskal Kostaldeko Museoen egunean
Euskal Kostaldeko Museoen Eguna dela eta, bertoko herrietako museoek hainbat ekintza antolatu dituzte astebururako. Hain zuzen ere, Busturiko Biodibertsitate Zentroak, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center-ek, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak eta Bakearen Museoak, Kortezubiko Santimamiñe Kobak eta Bermeoko Arrantzaleen Museoak eta Aita Guria baleontziak parte hartuko dute Kostaldeko Museoen egunean.
Interesa duten guztiek asteburu honetan, bertoko herrietako museoak dohainik bisitatzeko aukera izango dute. Doaneko bisitak ez ezik, jarduera gehiago ere antolatu dituzte; besteren artean, bisita gidatu bereziak, familientzako tailerrak eta erakustaldiak izango dira. Zenbait jardueratan parte hartzeko, baina, derrigorrezkoa izango da aurretiaz izena ematea.
Hirugarren edizioaEuskal Kostaldeko Museoen Sareak Euskal Kostaldeko kultura ekipamendu guztien lankidetzarako gune izan gura du. Hala, museoak, interpretazio zentroak eta bestelako ondare baliabideak biltzen ditu sareak.
Euskal Kostaldeko Museoen Sareak eskaintza turistiko bateratua osatu gura du eta kostaldeko eskaintza kulturala balioan jartzeko eta zabaltzeko helburua du. «Itsas ondarean arreta berezia jarrita, museo-produktu komunak garatu, proiektuak partekatu eta komunikazio eta sustapen ekimenak bultzatu» gura dituztela diote. Horiek guztiak kontuan izanda antolatzen dute Euskal Kostaldeko Museoen Eguna, aurtengoa hirugarren edizioa izango delarik.
ASTEBURUKO EGITARAUA MUSEOZ MUSEO: BERMEO- Arrantzaleen Museoa. Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta domekan, 10:00etatik 14:00etara, sarrera doan eta oparia bisitarientzat. Horrez gain, familientzako tailerra ere antolatu dute zapaturako: Isilik berbetan, itsas seinaleak. 4 urtetik gorako umeek parte hartu ahalko dute gurasoekin. Itsasoan erabiltzen diren banderak irakurtzen eta erabiltzen erakutsiko diete tailerrean. Eskulan baten bidez partaide bakoitzak bere izena idatziko du banderen alfabetoarekin. Tailerrean parte hartu gura dutenek aurretiaz eman beharko dute izena 94-688 11 71 telefono zenbakira deituta.
- Aita Guria baleontzia. Asteburuan bisita gidatuak, dohainik. Aurretiaz erreserba egitea beharrezkoa izango da 94-617 91 21 telefono zenbakira deituta. Euskaraz zein gaztelaniaz egingo dituzte bisita gidatuak – Zapatuan: 11.30ean euskaraz; 17.00etan gazteleraz. – Domekan: 11:00etan gazteleraz; 12:00etan euskaraz.
- Euskadiko Biodibertsitate Zentroa. Ekintza guztietarako beharrezkoa da aurretiaz izena ematea 94-687 04 02 telefono zenbakira deituta. – Zapatuan, 10:00etatik 12:00etara, ibilbide gidatua Matxitxakoko lurmurretik. 8 urtetik gorako umeek parte hartu ahalko dute. – Zapatuan, 10:00etatik 14:30eara, zetazeoen behaketa. – Zapatuan, 17:00etatik 18:00etara, irteera itsasontziz Bermeoko portutik Gaztelugatxeko San Juanera. – Domekan, 10:00etatik 13:00etara, Mendiko ibilbide gidatua Ogoñoko lurmuturreraino. 6 urtetik gorako umeek parte hartu ahalko dute. – Domekan, 10:30eatik 12:30eara, ibilbide gidatua ukendua egiteko beharrezkoak diren landarak biltzeko. Bizilore elkartearekin elkarlanean. Ondoren, 15:30eatik 18:30eara, San Juan ukendua egiteko tailerra. 16 urtetik gorakoei zuzendutako irteera eta tailerra da. – Domekan, 17:00etatik 18:00etara, irteera itsasontziz Bermeoko portutik Izaro irla eta Ogoño lurmuturrera kostaldeko inguru naturala eta bere biodibertsitatea ezagutzeko.
- Urdaibai Bird Center. Domekan, 11:00etatik 19:00etara, zabalik egongo da zentroa eta bisita autogidatuak egiteko aukera izango da. Hegaztien behaketarako zentroko teknikoen laguntza izango du bisitariak.
- Euskal Herria Museoa. Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta domekan, 10:30eatik 14:30eara, ate irekiak. Horrez gain, zapatuan, 12:00etan, familientzako tailerra antolatu dute: Elcanoren abenturak. Juan Sebastian Elcano nor izan zen jakiteko Museoko Euskaldunak Munduan gelan Elcanok itsasontziz munduari bira nola eman zion kontatuko dugu ipuin moduan, gero ume bakoitzak bere gurasoekin eskulan bat egingo du Elcanoren bidaia irudikatzeko. 6 urtetik gora umeek parte hartu ahal dute gurasoekin. Tailerrean parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko dute interesa duten horiek 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta.
- Bakearen Museoa. Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta domekan, 10:00etatik 14:00etara, sarrera doan. – Domekan, 10:00etatik 22:00etara, Euskal kostaldeko altxorren inguruko mundu birtualaren kreazioa, Minecraft jolasaren bitartez. On line egingo dute.
- Santimamiñeko Kobak. Beharrezkoa da aurretiaz izena ematea 94 – 465 6 57 telefono zenbakira deituta. – Zapatuan, 11:30eatik 12:00etara, Viaje a la prehistoria film laburraren emanaldia. Oiasso Erromatar Museoak eta FICAB zinemaldiak lagunduta. – Zapatuan, 12:00etatik 13:30eara, Silexaren tailaren erakustaldia Mikel Aguirre arkeologoaren eskutik. – Domekan, 10:00etatik 14:00etara eta 13:00etatik 19:00etara, ate irekiak.