
Azteazkenetik atzora bitartean, Kanadan (Ipar Amerika) lehiaturiko lasterketan nagusitu da gernikarra. Lasterketa bikaina burutu du Caja Ruraleko txirrindulariak. Aurtengo hirugarren garaipena da oraingoa, eta haren ibilbide profesionaleko laugarrena.
17 ordu, 3 minutu, eta 18 segundoko denbora egin du Bilbaok. Tom Skujins txirrindularia izan da bigarrena sailkapen orokorrean, Bilbaorengandik 15 segundora, eta 22 segundora sailkatu da Diom Smith txirrindularia. Amets Txurruka Caja Ruraleko txirrindulari etxebarritarra izan da laugarrena, Bilbaorengandik 24 segundora.
Atzoko etapa, bigarren amaitu zuen, Benjamin Perry txirrindulariagaz batera helmugara helduta. Hala, Robert Britton hirugarrena ere bi horiekin batera heldu zen.
Etapa guztietan sailkapeneko lehenengo postuetan amaitu ditu gernikarrak. Esaterako, bigarren etapan bigarren egin zuen, Txurrukarengandik 21 segundura. Zapatuko etapan, berriz, bosgarren helmugaratu zen. Carlos Barbero bere taldekidea nagusitu zen orduan, eta denbora berean sartu zen hamaika txirrindulariren taldean zegoen Bilbao.
Lortutako garaipenagaz “pozik” agertu da gernikarra, eta lasterketa osoan zehar taldeak egindako lana nabarmendu du.