Gernika Klub taldeak kanporaketa irauli zuen zapatuan jokatutako lehian, eta igoera faseko azkenengo partiduan izango da. Jerez de los Caballerosen 2-0 emaitza jaso ondoren, egoera zailari aurre egin behar izan zion Urbietan. Sufrimendu eta tentsio handiz bizitako norgehiagokan, kanpotarrek zazpi jokalarirekin bukatu zuten zelai gainean eta bi taldeek luzapenera jo behar izan zuten garaipena lortu aurretik.
Partiduak luze jo zuen. Lehen zatian ez zen golik izan, baina abaguneak bi ateetan gertatu ziren. Jereztarrak izan ziren lehenak arriskua sortzen, areatik hurbil jaurtitako falta batek zutoinean jo ondoren. Gernikarrak baloiaren jabe ziren lehen minututik, baina aukera garbirik izan gabe. Etxabe eta Larruzea lehen erremateen protagonista bihurtu ziren, baina extremadurakoen atezainak baloi guztiak gelditu zituen.
Bigarren zatian, gauzak are zailago izan zituen etxeko taldeak. Aimarrek bigarren txartel horia ikusi zuen eta hamarrekin laga zuen bere taldea. Hala ere, bat gutxiago izan arren, Gernikak lehen gola sartu zuen Arrik area txikian egindako errematean. Gol bakarra ez zen nahikoa eta bigarren bat beharrezkoa zuten kanporaketa berdintzeko. Hogei minuturen faltan bi taldeak jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren, Jerezeko jokalari batek ere txartel gorria ikusi ondoren. Minutuak aurrera zihoazen eta bizirik irauteko beharrezkoa zen gola ez zen iristen. Oinarrizko denbora agortuta zegoela, partiduko azken aukeran, Etxabek baloia kontrolatu area kanpoan eta bere ezkerkada zutoin ondotik sartu zen sareetara. Zoramena zelaian eta zoramena lepoz jende zeuden armailetan. Kanporaketa berdinduta, ordu erdi gehiago jokatu behar izan zuten kanporaketa erdiesteko.
Luzapenak denetik izan zuen. Epaileak txartel festa hasi zuen: zelaian zeuden jereztarren hiru jokalari gehiago eta aulkian zeuden beste lau kanporatu zituen. Armailetako tentsioa ere handituz zihoan eta partidua hamar minutuz gelditua egon zen Jereztik etorritako zaleek berdegunera edalontzi bat jaurti ondoren. Gauzak horrela, Etxabek hirugarren gola sartu eta Gernikak hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu zuen. Hurrengo arerioa gaindituz gero, datorren denboraldian bigarren B mailan izango da talde zuri beltza.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.