
Bermeoko udalbatza
Beste behin ere, Idurre Bideguren izendatu dute Bermeoko alkate. EH Bilduren hautagaiak zein EAJren hautagai, Aritz Abaroak, beren alderdikideen aldeko botoak izan zituzten, hau da, zazpina boto bakoitzak. Guzan eta Izartu herri plataformek, ostera, ez zuten ez bataren ez bestearen alde egin, bi boto zuri eta baliogabe bat izan ziren horien artean. Hala, boto gehien izan dituen alderdiaren hautagaiak hartu zuen zapatuan aginte makila.
“Ontzia artez eroateko erantzukizuna” hartzen duela esan zuen Bidegurenek aginte makila eskuetan zuela, “iparra galdu barik, esfortzu danak norabide berean batzeko ahaleginak egingo ditu”.
Politika egiteko beste eredu batzuen beharra dagoela uste du Bidegurenek: “Politikagintzan aspaldi honetan praktika desegoki asko ikusi ditugu. Horrek ekarri du herritarrek politikagintzarekiko konfidantza galtzea eta administrazio eta herritarren arteko distantzia urruntzea”. Bermeoko Udala politikagintzan eta administrazioaren modernizazioan eredugarri izatea gustatuko litzaioke alkateari, eta hala izan dadin lan egingo duela azaldu du.
EH Bildutik jakinarazi dutenez, Gobernu taldea alderdi guztiekin osatu gura dute, “herriarentzako ona izan daitekeela” iritzita. Alderdi desberdinekin zenbait batzar izan badituzte ere, asteon batzartuko dira berriro erabaki bat hartu asmoz. Izan ere, modu batera edo bestera, “ahalik eta arinen” hasi gura dute lanean.