Zapatuko Gazte Egunean, giro ederrean elkartu ziren herriko eta inguruetako ehundaka gazte San Romango ermitaren parean.
Erdu gazte asanbladak seigarrenez antolatu du, eta emaitzagaz “oso pozik” daudela esan dute: “Balorazioa oso ona da, euria egin arren goizetik lagun asko batu ginen, eta arratsalde-gau parterako jende gehiago etorri zen”.
Halaber, laguntzen ibili diren guztiek egindako lana eskertu eta nabarmendu dute: “Modu desberdinetara asko lagundu digute, inguruetako herriek, esaterako, euriarengandik babesteko karpak utzi dizkigute”.
Hain zuzen ere, eguraldi goibela ez zen oztopo izan, eta goizean zehar paellak prestatzen egon ziren koadrillak. Lagun eta familia artean, 20 bat koadrilla batu ziren, zeinek paella gozoagoa egin. Bitartean, Batukale Bilboko batukada taldearen erritmo biziek girotu zuten ingurua. Halaber, eguerdian herriko Baso Txoritxu dantza taldeko umeen emanaldia ikusteko elkartu ziren baselizaren parean.
14:00ak aldera aurkeztu zituzten paellak. Besteak beste, Pello Reparaz Vendetta taldeko kideak eta Joseba Ezkurdia pilotariak izan zuten lehiaketara aurkezturiko dozena bat paella probatu, eta puntuazioa emateko ardura.
Bertso bazkarian 200 bat lagun batu ziren. Asier Galarza muxikarraren, Peio Gezuraga gernikarraren eta Txaber Altube abadiñarraren bertsoak girotu zuten bazkalostea.
Ostean, paella txapelketaren sari banaketa egin zuten. Lakontz taldea nagusitu zen, eta paella eskasenaren saria Komando Oizek jaso zuen. Bestalde, azken koadrilla horrek irabazi zuen urdaiazpiko lehiaketa. 4, 46 metrotara eskegita zegoen, eta horiek 4,43 ipini zutenez, eurentzat izan zen urdaiazpikoa.
Arratsaldean, koadrillen arteko olinpiadetan lau taldek hartu zuten parte. Askotariko probak egin zituzten, batzuk beste batzuk baino abilago ibili ziren, eta lauretan onenak Arbizu taldeko partaideak izan ziren. Halaber, mus txapelketa Eneko Olaetak eta Aitor Bengoetxeak irabazi zuten.
Egun osoan giro itzela egon zen, eta gaueko kontzertuak ikusteko inguruko herrietako gazte gehiago hurbildu zen San Roman auzora. The Riff Truckers eta Vendetta taldeen emanaldiekaz, eta Urrats taldearen erromeriagaz gorputzak astindu zituzten, eta ostean DJ Txaparronen musikagaz kantuan eta dantzan ibili ziren egunak argitu arte.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.