Zapatuko paella txapelketa eta domekako mendi martxa izango dira ekitaldi nagusiak.
Zapatu goizean, familia eta lagun arteko koadrilletan elkartuta paellak prestatzen ibiliko dira ibarrangelutarrak. Bazkalostea gaiteroek girotuko dute, eta arratsaldean, esku pilota eta pala partidak izango dituzte ikusgai pilotalekuan.
Herriko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz-Arteagako umeak ariko dira nor baino nor gehigo. Adibidez, nesken pala partidan Olatz Arrizabalaga eta Ane Isasmendi Euskadiko txapeldunak, Nagore Martin eta Ane Isasmendi Arabako txapeldunen kontra lehiatuko dira.
Gero, Inaxio Perurena harri-jasotzaileak erakustaldia eskainiko du.
Mendi martxa luzea eta laburra
Domekan, azken urteotan tradizio bihurtu den mendi martxa egingo dute. Martxa luzea eta laburra egingo dituzte. Eleizalde auzoko plazatik 08:30ean irtenda, 23 kilometroko ibilbidea egingo dute martxa luzekoek. Martxa laburra, berriz, zortzi kilometrokoa izango da, eta 09:00etan ekingo diote ibilbideari bertako partaideek.
Ibarrangeluko Ibar gainetik hasiko dute ibilbidea, eta handik Lastarrira jaitsiko dira gero Akordara igotzeko. Akordatik Antzorako hondartzatik pasatu, eta askorentzat ezezaguna den Azalene hondartzara helduko dira. Ostean Laidatik igaro, eta Akordako beste aldetik udalerriko mendirik altuena den Armendura joango dira. Azkenik, handik Eleizalderako bidea hartuko dute.
Izen ematea aurretik telefonoz egin daiteke, 946 276 198 telefono zenbakira deituta. Bestela, egunean bertan, 08:00etatik 08:30era apuntatu ahalko da udaletxe azpian.
Lehenengo asteburua giro ederrean
Eguenean Gorpuzti eguna ospatu, eta asteburuan ondo pasatzeko denetariko eskaintza izan dute ibarrangelutarrek. Bariku iluntzeko txupinazoak eman zien jaiei hasiera ofiziala, eta ordutik gelditu barik giro ederrean ibili dira jaien lehenengo asteburuan.
Trikitixa, txaranga, bertso txikiteoa, bazkari herrikoia, erromeria, kontzertuak, dantzak… primeran pasatu dituzte jaietako lehenengo egunak.
Herri bazkarian, esaterako, adin guztietako 200 bat herritar batu ziren baserritarrez jantzita, eta elkarrekin ederto bazkaldu zuten. Aurten, bigarren urtez jarraian, Mahai Gainekoa dantzatu zuten herriko gazteak eta ez hain gazteak. Hala, mahai gainera igota bata bestearen segidan egin zuten dantza. Mahai buruan alkatearenak egiten zegoenak, dantzariari ardoz beteriko edalontzi bat eskaintzen zion dantzan hasi aurretik. Bertaratutakoak mahai inguruan jarrita, erritmo biziz mugitu ziren eta dantza honen doinuak kantatu zituzten.
Gainera, bazkalosteko Obieta eta Esteibarren erromeriak denak dantzan eta kantuan ipini zituen. Eta gauean ere, Loon Vagos, The Uski’s eta Trikizioren erromeriagaz gorputzak astintzen ibili ziren goizaldeko ordu txikietararte. Eguerdi partean euri apur bat egin zuen, baina, gauean ateri eutsi zion eta jendea polito batu zen.
Domeka eguerdian, meza ostean, udalerriko Lorea dantza taldearen emanaldia ikustera hurreratu ziren bizilagunak. Besteak beste, emakumeen aurreskua dantzatu zuten herriko umeek.
Arratsaldean, berriz, ume eta gaztetxoak primeran pasatu zuten baserri giroko puzgarrietan. Sagardotegia, idiak gurdiarekin, herriko plaza… puzgarri bitxi bezain ikusgarriak eroan zituzten Ibarrangelura. Bertako umeekaz batera Gautegiz- Arteaga, Elantxobe, Natxitua eta inguruko beste zenbait herrietako ume eta gurasoak ere elkartu ziren.
Egitaraua:
12:00: Paella txapelketaren izen-emotea Eleizalden.
14:00: Paellen aurkezpena. Ostean, gaiteroak.
17:00: Esku pilota eta pala partidak pilotalekuan. Ibarrangeluko, Elantxobeko, Eako eta Gautegiz-Arteagako umeen partidak.
19:00: Nesken pala partida: Arrizabalaga-Villanueca vs. Martin- Isasmendi
19:30: Inaxio Perurena harri jasotzailearen erakustaldia.
21:00: Eleizaldetik txaranga ibiliko da gaua alaitzen.
08:00: Mendi-martxaren hasiera Eleizalden.
Gauean: Gailur eta Joxpa taldeen emanaldiak.
Gauean: Kontzertuak: Skakettan, Governors eta Morphinapous. Ostean, Urrats taldeagaz erromeria.