Etxeita omenduko du Mundakako liburutegiak
Mundakako udal liburutegiak Jose Manuel Etxeita (Mundaka 1842-1915) herriko idazlea omenduko du bere heriotzaren 100. urteurrenean. Liburutegiak idazlearen izena darama eta hainbat dira ekaina eta abuztua bitartean antolatu dituzten ekintzak; erakusketa bat, hitzaldiak eta omenaldia ere egingo diote, besteak beste.
Idazle mundakarra omendu asmoz, udal liburutegiak erakusketa bat jarriko du. Aipatu erakusketa bihartik aurrera izango da ikusgai. Bihar arratsaldean zabalduko dituzte ateak eta Aitor Egurrola Mundakako alkateak inaugurutako du erakusketa, 18:45ean. Jarraian, Edorta Jimenez idazle mundakarrak hitzaldia eskainiko du: Etxeitaren negua Irlandan.
Etxeitaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko jarduerak uztailean jarraituko dute. Uztailaren 10ean, hain zuzen ere, Euskaltzaindiak zenbait hitzaldi eskainiko ditu. Egun horretan ere, Mundakako alkateak egingo du sarrera diskurtsoa 19:00etan. Ondoren, Jon Kortazar euskaltzain urgazle eta idazle mundakarrak Josetxo eta Etxeitaren biografia hitzaldia emango du 19:10ean. Kortazarren hitzaldiaren ostean, Ana Toledo Antzuolako idazle eta euskaltzainak hartuko du hitza. Toledo Ardibasotik Ardibasora joan-etorriaren inguruan ariko dela jakinarazi dute. Amaierako berbaldia, berriz, Andres Urrutia euskaltzainburuak emango du.
Etxeitaren heriotzaren urteurrena ospatzeko ekitaldiak abuztuaren 10ean amaituko dira. Egun horretan, udal liburutegiko erakusketari amaiera eman eta idazle mundakarrari omenaldia egingo diote.
1842. urtean jaio zen Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga, Mundakan. Txo modura ibili izan zen gaztetatik itsasoan, geroro Bilbora joan zen nautika ikastera. Pilotu titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zen hainbat urtetan. Manilan Larrinaga y Compania etxekoekin jardun zuen lanean. Ondoren, Mundakara bueltatzea erabaki zuen, eta han geratu zen betiko.
Itsas astronomiaz jardun zuen eta musikari izateko tartea ere izan zuen. Euskarari arreta eta lan handia eskaini zion.
Mundakan azken urteetarako eraiki zuen etxean eman zituen ezagutzera euskal munduari oparitu zizkion lanik baliotsuenak. Domingo Agirreren ildoak jarraitu zituen Etxeitak, hala antzeman daiteke Josecho (1909) eta Jayoterri maittia (1910) lanetan. Lan horiek kostunbrista arauak jarraitzen dituzte, abentura eleberrien elementuak gehituta.