Argazkilaria: Gernika Club
Zapatuan, azken 20 minutuetan egin zituen golak etxeko taldeak. Asteburu honetan, etxean, markagailu horri buelta eman beharko diote, bigarren kanporaketa hau pasatzeko. Zapatuan, 19:00etan hasiko da bi taldeen arteko norgehiagoka, Urbietan.
70. minutuan Juan German Jerezeko jokalariak sartu zuen etxekoen lehenengo gola, eta luzapenean, 92-minutuan, Chemak buruz egin zuen 2-0-koa.
Gernikarrek gol aukerak sortu zituzten, baina, ez zuten aurkariaren atean asmatu. Gainera, Manuel Calzado Galvan futbol zelaiaren egoerak ez zien asko lagundu. Baloia botatzean ezin zuten zein norabide hartuko zuen asmatu, eta ezin zuten behetik joko garbirik egin. Hortaz, joko zuzena nagusitu zen bi taldeen partetik.
Hain zuzen ere, baloi geldiko jokaldietan Gernikako jokalariek gol aukera gehiago sortu zituzten, erasoan ahaleginean zebiltzan, baina, Alex Jerez taldeko atezainak ondo erantzun zieten. Esaterako, Entziondok, Carracedok, Larruzeak, Landerrek eta Obietak gol aukera garbiak izan zituzten.
Errespetuz jokatu zuten bi taldeek, asko baitzegoen jokoan eta ez zuten aurkariari ezer oparitzeko asmorik. Horregatik, batik bat lehenengo zatian kontu handiz ibili ziren, huts egiterik ez gertatzeko. Hala, bai batzuek zein besteek, gol aukera gehienak bigarren zatian sortu zituzten.