'Bizi baratzea. Garaikoa garaian garaiz´azken lana aurkeztu du gaur, Gernikako plazan
Jakoba Errekondo, liburuak sinatzen
Bigarren argitaldia amaitzeko, eta hirugarrenari begira da egilea. Euskadi Irratian baratzeari buruzko aholkuak emateagatik da ezagun Errekondo; baita
Argia aldizkariko kolaboratzaile delako ere. Azken horren eskutik atera du liburua. Baratzeari buruzko argitalpena lantzen hasi zenean bi gauza zituen buruan: batetik, ulertzeko erraza den liburua egitea, eta, bestetik, estetika zaintzea, testu laburrak izatea, argazki asko eta baita titular asko ere. Baina, batez ere, bertotik pentsatutako liburua idaztea zuen helburu usurbildarrak: “Baratzeari buruz liburu asko ditugu, bai gazteleraz, frantsesez… Baina denak daude mediterraneoko ikuspegitik eginda. Guk gurera ekartzen ditugu, eta horietan azaltzen den legez eginez gero, arazoak izango ditugu”. Errekondoren iritziz, Euskal Herrian bada nahikoa jakintza, “historikoki jaso da baserrietako jakintza hori, eta horretan oinarrituta dago liburua. Gure klimara egokituta”.
Liburuaren bigarren izenburuari ere garrantzia eman dio egileak: Garaian garaikoa garaiz. Eta hirugarren izenburu bat ere baduela azaldu du gaurko aurkezpenean: Eman eta hartu. “Nire ustez, eta baratzeari buruz hitz egiterakoan zer esanik ez, askoz garrantzitsuagoa da ematea hartzea baino. Ha da, hartzeko eman egin behar da lehenengo. Eta emankorra da lorea, hazia, fruitua ematen duena: emea. Landareetan ere bai. Horregatik, eman behar da lehenago, eta gero, hartu, harra”.
Liburuak aurkibidea, hiztegia, landareen azalpenak, trukuak.. Eta beste hainbeste atal ditu. Bitxikeriak, baina lagungarriak. Eta ginasio merekea ere badela esan du Errekondok, kuotarik ordaindu gabe ere, eguzkia hartu, produktua ekoiztu eta giharrak landu daitezkeelako liburuarekin. “Taula batean azaltzen da zein tresnarekin lan einez gero, zein gihar lantzen diren”. Errekondok esan bezala, aitzurrarekin lan eginez gero, esaterako, bicepsak, tricepsak, besaurreak eta bizkarra lantzen dira.