Zenbait egoiliar Musika Eskolakoen kontzertu batean
Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitzaren eta udal Musika Eskolaren elkarlanagaz, egoiliarrek musikarekin gozatu ahalko dute horretarako landu duten programa baten bitartez. Bihar, 11:00etan, emango diote hasiera programari ipuin musikatuagaz.
Programa horrek «hainbat onura dakarrela» azaldu dute, «integrazioa lantzen da, komunitatearekiko lotura mantentzen da, autoestimua hobetzen du, maila kognitiboa sendotzen du eta belaunaldien arteko lotura sendotzen du».
Ipuin musikatua izango da programa horren baitako lehenengo ekimena. Bihar izango da, 11:00etan, Zaharren Egoitzako lorategian. Musika Eskolako irakasleek ipuin baten barruan txertatuko dituzte estilo desberdinetako kantu ezagunak.
Datorren astean, berriz, Musika Eskolako ikasleek hainbat kontzertu eskainiko dituzte zaharren egoitzan. Martitzenean -hilaren 16an- haize taldeak joko du 18:30etan. Eguaztenean eta eguenean -hilaren 17an eta 18an- musika entzungai saioak eskainiko dituzte, 18:00etan. Jakinarazi dutenez, abenduan jarraituko dute saio horiekin, «egoiliarren integrazioa eta parte hartzea bultzatzeko helburuagaz».
Urrian, berriz, «zahartzaro aktiboa» bultzatzeko», musika ardatz hartuta, musika tailerrak jarriko dituzte martxan. Hala, hamar egoile inguru Musika Eskolara joango dira musika eskolak jasotzera. Tailer horren bitartez, hainbat gauza landuko dituztela diote: «Egoitzatik kanpo ekintzak egitea, taldeko partaide sentitzea, estima pertsonala eta soziala hobetzea eta memoria eta psikomotrizitatea lantzea, besteak beste». 12 astean zehar, astean ordu beteko musika tailerrean parte hartuko dute.
Bihar hasiko duten programa hau nagusientzat «oso positiboa» izan daitekeela uste dute Zaharren Egoitzako zein Musika Eskolako arduradunek.