
Ramon Saizarbitoriaren obra aztertu du Markos Zapiain (Irun, 1963) Bermeoko bizilagunak, Susa argitaletxeak argitaratu duen
Saizarbitoria eta iragana saiakeran. Saizarbitoriak berak ere saiakera irakurri duela dio Zapiainek.
Ramon Saizarbitoriaren obra aztertzeko denbora hartu duzu Saizarbitoria eta iragana saiakera egiteko. Zergatik hartu zenuen erabaki hori? Zenbat denbora behar izan duzu haren lana aztertzeko?
Hamazortzi urte inguru egon naiz haren lana aztertzen. Lehenengo testuak, saiakeraren ernamuina, joan den milurtekoak dira. Artean, ez nekien liburua zetorrenik. Ondoren, geldika-geldika, Saizarbitoriaren liburu bat irakurri, zerbait idatzi, iraganaren auziaren ingurukoa hautatu, hipotesi bat bota ziurtasunik gabe, eta ondoren, obra osoa berrirakurri betetzen ote den egiaztatzeko… Literatura eta neurosi obsesiboa eskutik joaten badira, Saizarbitoriarenean bezala, are larriagoa da eritasuna literatur kritikaren kasuan.
Zer dela eta izenburua? Iraganagaz lotzen al duzu Saizarbitoria?
[Barreak] Saizarbitoria bera ez. Orain bertan sasoiko dago, gainera, gogor dabil lanean, hainbat ordu ematen ditu idazten, egunero, gosaldu ondoren,
Lili eta biok eleberri berria prestatzen ari delako. Baina bere liburuetako protagonistei bai, ordea, arazo latza zaie horiei iragana. Iraganeko zoriona dagoeneko ez zaie zorion, baina iraganeko zoritxarra zoritxar zaie oraindik.
«Jai dute gurean Memoriaren militante ez direnek. Erlijio berri bat dirudi»
Saizarbitoriak bere liburuetarako asmatutako pertsonaiak izan dituzu aztergai. Desberdinak al dira guztiak edo badituzte komuneko gauzak?
Desberdinak izan arren, zenbait protagonistek antzeko ezaugarriak dituzte: harreman sakon anbibalentea gurasoekin eta abertzaletasunagaz, egin edo esan beharreko zerbait garaiz ez egin edo esateagatik damua, bikote heterosexualetako gizonak andreari erauzten dizkion konfidentzia intimoak erabiltzea andrea bera errudun sentiarazteko, neskak himena hautsi dionagaz baino hartu-eman hobea izatea hurrengo bikotekideagaz, eta, batik bat, iraganaren atzaparren azpian itota bizi beharra.
Saizarbitoriaren obra aztertu ondoren, zeintzuk ondorio atera dituzu?
Badirela oroimenari lotutako patologiak, baina ez soilik norbanakoarengan; herrian ere bai. Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) mugatuta, baditugu Memoriaren eguna, Memoriaren legea, Memoriaren parkea, Memoriaren bideak, Memoriaren institutua eta Memoriaren etxea. San Telmo museoa berritu nahi dute Euskal Herriko Museorik handiena izan dadin. Memoriaren Museoa izango da, noski. Jai dute gurean Memoriaren militante ez direnek. Erlijio berri bat dirudi. Susmoa pizten da, etengabeko atzera begiratu behar hori ez ote den oraingo eta etorkizunera begirako ezintasun politikoa konpentsatzeko modu triste bat.
Zerk bereizten du Saizarbitoria?
Jarrerak eta estiloak, gaiak, protagonisten nortasunak, narrazioaren arkitekturak, idazkerak… Bereizketa zehatz bat: euskal eleberri modernoaren historian Ugaztunaren Aro bat izan dugu, Leturiaren egunkari ezkutuak abiarazia: zakurra, ziminoa, behia eta gisakoak gailen; eta 1996ko Beluna Jazz-etik aurrera Zomorroaren Aro bat nagusitu da: sitsa, eulia, kilkerra protagonista. Saizarbitoria aparte gelditu da, arraina nabarmentzen baita haren eleberrietan, arrain hila, sardina latan eta txitxarro odoldua.
«Hurrengo lanean nire ikuskari eta lankideen xelebrekeriak kontatuko ditut»
Zure saiakera irakurri al du? Hala bada, ze iritzi du?
Bai, irakurri du, eta gustatu omen zaio. Hori bai, nire liburuak bere liburuak eta liburu horietako zenbait eszena interpretatu egiten ditu, eta interpretazio horiek eztabaidagarriak dira, kontagaitzak baitira interpretazio posibleak. Zehazki, kristautasunaren auzia nola planteatu dudan gustatu zaio; aldiz, esan dit indarkeriaren memoriari buruzko nire jarrera ulertzen badu ere, berak desberdin sentitzen duela.
Gustura sentitzen al zara saiakerak idazten? Ala gurago duzu beste generoren bat?
Gustura sentitzen naiz, bai. Filosofia, psikologia eta etika irakasten ditudanez, saiakerak irakurri behar izaten ditut batik bat, eta hori kutsatu egiten da. Beste generoei dagokienez, behin batean ipuin bat idaztera ausartu nintzen, baina hain zen txarra, irakurleak ezin izan zuela asmatu komikoa ote zen ala beldurrezkoa.
Badaukazu esku artean beste lanen bat?
Bai. Hezkuntza Sailak nire lantokiko zuzendari izatera behartu nau. Inork ez zuen nahi, eta ahulena derrigortu dute. Hurrengo liburuaren izenburua
Agintari baten egunkaria izango da, eta nire ikuskari eta lankideen xelebrekeria, estrabagantzia eta txutxumutxuak kontatuko ditut, mendekuz. Errealismo zikina deitutako azpigeneroan kokatuko da.