
Farol berdean jarri duten pantalana
Oraindik aurrera bisitan datozen ontziak hartzeko lekua izango du Bermeoko portuak. Izan ere, Euskadiko Kirol Portuakek (EKP) horiei harrera emateko pantalan berria jarri du Portuzarraren kanpoaldean, farol berdea modura ezaguna den dikean, hain zuzen ere.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailetik jakinarazi dutenez, amarraleku horiek 10 eta 14 metro bitartean dituzten zortzi ontzi hartu ahalko dituzte. Jarri berri duten pantalan horren bitartez, Bermeok duen “nautika turismoaren potentzial handia bultzatu gura da”. Era berean, Matxitxakoko lurmuturra igaro behar duten ontziei “atsedena eta babeslekua eskaini gura zaiela” adierazi dute.
Hala ere, pantalana udaldirako baino ez dute jarriko. Azaldu dutenez, urrirako kenduko dute: “gune horretan denboraleen ondorioz izaten diren astintzeak ez dute amarratzeko bermerik eskaintzen eta azpiegitura berria kaltetuko litzateke”.