
Kontratua berrituta, hirugarren denboraldia egingo du Gernika-Lumoko klubean. 2014-2015 denboraldian taldeko kapitaina izan da altsasuarra, Judith Monasteriogaz batera. Taldean jokalari moduan hazi da, eta jokalari garrantzitsuenetako bat bilakatu da.
Hurrengo denboraldirako taldea prestatzen dabil zuzendaritza taldea, eta aurreko astean Mario Lopez entrenatzaileari kontratua berritu ostean, Diezena bigarren kontratu-berritzea izan da.
Altsasuko jokalariak azaldu duenez, “erabaki erreza izan da, hemen oso gustora nago, eta hau izan da nire lehenengo aukera, hemen dena daukat eta nire bigarren etxea bihurtu da”.
Klubarentzat Diezen kontratu berritzea “lehentasuna” izan da, eta Lopez entrenatzaileak jokalari nafarraren lan bikaina nabarmendu du: “Naiara gure kapitaina da, aldagelako termometroa, eta taldearen lanaren eta umiltasunaren balioen erakusgarri da”.
Mailari eustea helburu
2014-2015 denboraldia seigarren amaitu zuen Gernika Bizkaiak. Diezek, badaki datorren denboraldian aurrekoan lortutakoa berdintzea zaila izango dela, eta “hankak lurrean” izan behar dituztela: “Espero genuena baino hobea izan zen. Bigarren urtean kluba kategorian finkatzea lortu behar dugu; aurrekoa berdintzea konplexua izango da, eta taldea osatuko dugun jokalarion arabera, helburu batzuk edo beste batzuk izango ditugu, baina, helburu nagusia mailan mantentzea izango da”.
Bestalde, taldeko kapitaina izatea “ohore handia” dela dio, “harro” egoteko moduko ardura: ” Ez dut presiorik sentitzen, Mariok etxean bezala sentitzen naizen taldean ardura hori eman izana ohore bat da”. Halaber, aurreko urteetan Ane Mugirarengandik eta Judith Monasteriorengandik “asko” ikasi duela azpimarratu du: ” Nire lehenengo denboraldian Anerengandik asko ikasi nuen, eta baita aurrekoan ere, Judith-en aldamenean”. Hala, etxeko jokalari asko dauden talde batean kapitaintza eramatea “oso erraza” dela adierazi du.
Orain, oporretan egon arren, datorren astean Euskadiko selekzioagaz entrenatu eta jokatuko du altsasuarrak.