
Talan elkartuko dira ikastetxeetako ehunka ikasle, 10:00etatik 12:00ak ingururarte. Hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako ikasleek hartuko dute parte, hau da, sei urtetik hamabi urterartekoek. Ume bakoitzak bere ikastetxean eman behar du izena.
Bermeoko udalaren Kirol patronatuak eta Taraska Atletismo taldeak antolatuta, hamaikagarrenez egingo dute aurten.
Atletismoko zenbait proba egingo dituzte. Esaterako, pisu eta disko jaurtiketetan eta altuera eta luzera jauzietan nolako abilezia duten frogatuko dute.
Halaber, 600 metroko ibilbideko kross-a ere lehiatuko dute, baina, korrika egin beharreko metro kopurua adinaren araberakoa izango da.
Hain zuzen ere, probak egiteko lau gunetan banatuko dituzte ikasleak. Lehenengo gunean, jaurtiketak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako umeek. Bigarrenean, hirugarren eta laugarren mailetako umeak altuera jauziak egiten ibiliko dira. Hirugarrenean bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek luzera jauziak egingo dituzte. Hala, laugarren gunean krossa egingo dute parte hartu gura duten guztiek.
Olinpiadak amaitzean, partehartzaileen artean ura banatzeaz gain, domina eta kamiseta bana jasoko dute ikasleek.
Bestalde, antolatzaileek esan dutenez, euskararen erabilera handitzea helburu duen Kalinpan maskota ere Talan egongo da goiz osoan zehar.