
Ikasleak, irakasleak eta udaleko ordezkariak gaur goizeko udal foroaren ostean
Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan, udal foroa egin dute gaur goizean Busturian. Hala, Jose Maria Uzelai herri ikastetxeko ikasleek Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriari azaldu diote udaletxeko batzar aretoan, aurtengo ikasturtean kontsumo iraunkorra lantzeko egin dituzten jarduera guztiak. Aktibatu + eta Zipristinekin batera ura asko ez gastatzeko kanpainetan parte hartzeaz gain, eskolan bertoko haziak landatu dituztela azaldu diote, bai eta euskal oiloen arrautzak jarri ere, beste hainbat jardueren artean. Alkateak ere udalean hartutako neurrien berri eman die ikasleei. Besteren artean, bulego materiala murriztu, energia berriztagarriak bultzatu, biomasa galdara jarri, konposta egiteko guneak jarri eta kontsumo arduratsua bultzatzeko eta bertoko produktuak kontsumitzeko sentsibilizazio kanpainak egin dituztela esan du. Hala ere, Busturia iraunkorra lortze aldera oraindik lana egiteko dagoela aipatu du.