Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian batu da
Barikuan Ingurumenaren Mundu Mailako Eguna ospatuko dela eta, azken urteetan egin modura, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseilua Busturian bildu da gaur, Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, hain zuzen ere. Han Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak harrera egin dio Iñigo Urkullu lehendakariari. Gobernu Kontseilua egin ostean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak eta Ana Oregi Ingrumen eta Lurralde Politiketako saliburuak ohiko agerraldia egin dute. Oregik azaldu duenez, Gobernu Kontseiluak garapen iraunkorraren arloko interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta hezkuntza plana Urdaibaiko Biosfera Erreserban, 2015-2025 (IGHP) onartzeko txostenari oniritzia eman dio.
Onartu duten plana zientziaren, teknikaren eta hezkuntzaren arloetako eragileekaz, erakundeekaz eta talde ugariren partaidetzagaz idatzi dutela azaldu du Oregik. Horren bitartez «jasangarritasun politikak txertatuko dira hezkuntzan eta prestakuntzan, eta gainera, hezitzaileen eta trebatzaileen gaitasunak handituko ditu». IGHP planak koordinazioko, lankidetzako, informazioko, komunikazioko, dibulgazioko, interpretazioko, gaikuntzako, hezkuntzako eta ikerketako zenbait programa jasotzen ditu, eta horien jarraipena eta balorazioa egiteko hainbat idazkaritza tekniko sortu dituztela jakinarazi dute.
Klima aldaketarako estrategia
Bestalde, klima aldaketarako EAEko estrategia onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Estrategia horren ondoriozko ekintzen bitartez, Oregik azaldu legez, «EAEko berotegi efektuko gasen isurpena %40 murriztu ahalko da 2030. urterako, eta %80, berriz, 2050. urterako». Energia eta industria sektoreek, bestalde, %50eko murrizketak lortuko dituztela diote, «energia berriztagarriak erabilita eta eraginkortasun energetikoko teknologiak sortuta». Halaber, 2050. urterako energia berriztagarrien kontsumoa, kontsumo osoaren %40 izatea gurako luketeela zehaztu dute.
Herrialde mailako proiektua dela esan du Oregik, eta Europatik bultzatzen dituzten ildoekaz lerrokatutakoa. Hala, estrategia berri horrekin, Jaurlaritzak «euskal gizarte eta ekonomia jasangarria eta lehiakorra egituratu gura ditu». Estrategiak bederatzi jomuga finkatu ditu, besteren artean, karbono kontsumo txikiko energia ereduaren alde egitea, isurpenik gabeko garraioa, lurraldeko eta natura inguruneko eraginkortasuna areagotzea edota berrikuntza, hobekuntza eta ezagutza transferentzia sustatzea. Horiek guztiak lortu aldera, 24 jarduera-ildo abiaraziko dituzte industrian, garraioan, energian eta hondakinetan, besteak beste.
Langabezia beheraka
Josu Erkoreka langabezia tasaren jaitsieraz ere aritu da gaur. Jakinarazi duenez, maiatzean, 5.934 pertsona atera ziren langabeziatik, eta 7.593 afiliazio berri izan dira Gizarte Segurantzan. «Azken hamar urteetan erregistratu den langabezia beherakada handiena» izan dela aipatu du Erkorekak. Egun, iaz baino 13.360 langabe gutxiago daudela esan zdu, eta datuek «ekonomiaren tendentzia positiboa berresten dutela» ziurtatu du.
Oraindik, baina, arlo horretan zeregina badagoela uste du bozeramaileak, eta «lehentasunezkoa» izaten jarraituko duela nabarmendu du.

