
Bermeoko Udalaren Musika Eskolako ikasleek ikasturte amaierako kontzertu zikloagaz hasiko dira. Gaur dute lehenengo kontzertua.
III. Tutti izenburupean 19:30ean izango da kontzertua Musika Eskolako plazan. Euria egingo balu, Santa Eufemia elizan izango litzateke.
Ikasturte amaierako lehenengo kontzertu horretan Musika Eskolako talde guztiek hartuko dute parte, bakoitzak kantu bana prestatu du. Gainera, jakinarazi dutenez, Bermeoko Txalapartari taldeak ere parte hartuko du hiru kantutan.
Bermeoko Udalaren Musika Eskolatik azaldu dutenez, ikasleek gaurko prestatutako errepertorioan herriko kantuei pisua ematen saiatu dira. Hala, Jose Antonio Egiaren
Gure Tala,
Koldobike,
Mustafa,
Hau dok eta
Bermiotarrak abestietaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. Bestalde, zaharren egoitzako egoiliar Juli Izagirreri entzunda jasotako
Portura doazenien kantu zaharra ere abestuko dute ikasleek.
Errepertorioan, baina, kantu gehiago ere izango dira
Happy,
Mary Poppins,
Funk town edota
La vida es bella, besteak beste.
Bihar museoan
Ikasturte amaierako bigarren kontzertua bihar izango da. Biharkoa, Musika Taldean izeneko kamara kontzertua izango da eta joan den hilabetean kontzertuetarako estreinatutako eszenatokia erabiliko dute, Arrantzaleen Museoa. Biharko kontzertua ere 19:30ean hasiko da.