Hiru astez, hegazti lurtarrei so
Hiru astez teleskopio eta prismatikoen bitartez, hegazti lurtarren behaketarako hastapen ikastaroa gauzatzen aritu dira Gautegiz Arteagan kokatutako Urdaibai Bird Centerren.
Hiru astez, hegaztien behaketa zuzenagaz gozatzen; hiru astez, horien kantuak entzuten; hiru astez, beraien ohiturak ezagutzen; hiru astez, hegaztien arteko desberdintasunak atzematen; hiru astez, espezie ohikoenak ezagutzen.
Maiatzean, hainbat lagun batu dira Urdaibai Bird Centerrek antolatutako ikastaro horretan parte hartzeko.
Hiru jardunalditan banatuta, inguru ezberdinetako espezieak ikusteko eta entzuteko aukera izan dute bertan parte hartutako guztiek.
Hitzaldi baten bitartez, hegaztien behaketarako jakin beharreko kontzeptu teorikoak jaso ostean, Gautegiz Arteagako landazabal atlantiarretik ibilaldia egin zuten parte hartzaileek, bertan bizi diren hegaztiak behatzeko. Hala, ibilaldi horretan, Zozo arrunta atzeman zuten, besteak beste.
Bigarren jardunaldian, aldiz, Arratzuko hariztira abiatu ziren ikastaroko parte hartzaileak, basoan bizi diren hegaztiak behatzeko eta entzuteko asmoz. Eta hala egin zuten, beste hainbaten artean, Erregetxo bekainzuriak, Amilotx arrunta eta Gerri-txoria ikusita.
Azken jardunaldian, bestalde, Urdaibaiko zonalde altuko larreetan bizi diren hegaztiak izan zituzten jomuga. Hala, Sollube mendian, Etze-txinboa, Sai arreak, Uda txirtak, Pitxartar burubeltza, Tuntun arrunta eta Berdantza horiarekin topo egin zuten, besteak beste.