Presapeko auzo konpostagunean baratze txiki ekologikoak sortu ditu Busturiko Udalak, eta hiru herritarrei eskaini dizkiete etxerako barazkiak landa ditzaten.
Baratzeak hartu dituzten hiru herritarrak
Busturiko Presapeko auzo konpostagunean hondakin organikoen birziklatzearen edo konposta egitearen ziklo osoa erakutsi gura du udalak. Horretarako, baratze ekologiko txikiak sortu dituzte, bertan sortzen den konposta berrerabiltzeko eta orturako ongarri legez erabiltzeko. Baratze horiek hiru herritarren esku utzi dituzte etxerako barazkiak landa ditzaten.
Martitzenean hartu zituzten baratzeak herritarrek. Ilusio handiz zeuden, eta landatzen hasteko irrikan. 3x2ko neurria duten sei baratze txiki eratu ditu Presapen Busturiko Udalak. Herritar bakoitzak horietako bi hartu ditu. Gainera, horien ondoan, txikiagoak diren baratzeak jarri dituzte belar usaintsuak landatzeko, intsektuak barazkietara joatea ekiditeko.
Jose Ignacio Idoiaga da baratzeetako bat erabiliko duen busturiarra. Oraindik aurrera, «etxetik atera eta denbora pasarazteko aitzakia» baduela esan du. Urazea, piperrak, tomateak eta lekak landatuko ditu udalak utzi dizkion baratzeetan: «Daukagun lekurako nahikoa da, ez dira handiak eta». Orain arte, Idoiagak ez du inoiz landatu, «lehenengo aldia» du, eta fruituen zain dago jada. Izan ere, «irrikan» zegoen, eta udalak baimena eman bezain laster landatzen hasi da. Bera izan da landatzen lehena.
Busturiko bizilaguna den Ezzaya Elbyad marokoarra ere «pozik» dago udalak eman dion aukeragaz. Horiek ere baratzea hartu eta jarraian, prest zeukaten perrexila eta mendafina landatzeko.
Handitzeko aukera
Presapeko gunea handia izanik, eta horiekin ondo ateratzen bada, denboragaz baratze gehiago sortzeko lekua ere badagoela esan du Busturiko alkate Miren Fatima Malaxetxebarriak. Hala ere, alkateak argi utzi gura izan du herritarrek horietan landatutako barazkiak «etxeko kontsumorako» soilik erabili ahalko dituztela.
Konposta komunitarioa bultzatzeko bi gune ezarri dituzte Busturian: Axpe auzoan gune txiki bat bertako auzokideen erabilerarako, eta handiago bat Presapen. Azken gune horretan, auzokideen hondakinak ez ezik, inauste hondakinak eta udal brigadak kentzen dituen sasitzak ere batzen dira; ondoren, konposta egiteko.
Presapeko gune horretan hondakin organikoen birziklatzearen edo konposta egitearen ziklo osoa erakutsi gura dute: «Materiaren ziklo osoaren nondik norakoak ulertzeko baliagarria da. Inguruan sortzen diren hondakinak birziklatu daitezkeela ikus daiteke, zabortegira edota errauste plantara eroan barik. Azken horrek gastuak dakartza, gainera, bai eta baliabideen kontsumoa eta kutsadura ere, buelta ematen zailak diren aldaketa klimatikoak sorraraziz».
Bereizketa etxetik
Bere gain hartu dute Busturian
0 zabor leloa. Etorkizunean hori lortze aldera, hondakin kopurua murriztu beharra daukatela adierazi du udalak. Hori dela eta, hondakin organikoen berrerabilpena eta birziklatzea handitu eta konposta sustatu beharra dagoela uste dute. Horregatik, papera, kartoia, ontziak, beira, olioa, arropa eta materia organiko begetalaren bereizketa etxetik egitea bultzatu gura dute.
DIONISI BATISTA (Baratzea hartu du): «Etxean gehien jaten ditugun barazkiak landatuko ditut»
Eskertuta al zaudete Busturiko Udalak eman dizuen aukera honekin?
Ni, behintzat, oso eskertuta nago. Nire kasuan, gainera, orain arte baratze handi bat neukan, baina lar handia da. Presape ingurua bezain bestekoa, agian. Aurten, orduan, beste handi hori utzi eta hemen hasiko naiz lanean, hau askoz hobeto datorkit, eta etxetik hurbil daukat.
3x2ko bi baratze txikitan, zer landatuko duzu?
Etxean gehien jaten ditugun gauzak landatuko ditut. Gainera, Eskozian bizi diren zenbait lagun etorriko dira gurera, eta horien gustuko barazkiak jarriko ditut. Handik ezagutzen ditut nik mota honetako baratzeak. Jendeak han honelakoetan landatzen du. Hasieratik gustatu zitzaidan Busturiko Udalaren proiektua. Baratze bat, baina, txiki geratzen zitzaigun, eta bakoitzari bi eman dizkigute. Nik, batez ere, piperrak, tomateak, luzokerrak eta urazak landatuko ditut. Horiek dira etxean gustukoen dituztenak.
Langabezian zeuden herritarrek zuten lehentasuna. Eta zure kasuan, lanik egiten al duzu?
Ez, ez nago lanean, denbora asko daramat langabezian, urte asko eta asko. 55 urte ditut, eta daukadan adinagaz lana bilatzea zaila da. Hortaz, baratzeetan lanean ematen dut denbora, hau da geratzen zaidana. Asko gustatzen zait, gainera, eta denbora horretan ematen dut. Ez naiz tabernetara joatekoa, nahiago dut hemen lanean eman nire denbora.