Galarrenako X. Pala Txapelketa inoizko egitarau zabalenagaz dator
Ekainaren hasieratik uztailaren 25era egongo dira ekimenak. Izena emateko aukera dago domekara arte. Herriko tabernaren egoera ere kaleratuko duteAurten egitarau berezia antolatu du Lekeitioko Galarrena Elkarteak urtero egin ohi duen Pala Txapelketarak...
Ekainaren hasieratik uztailaren 25era egongo dira ekimenak. Izena emateko aukera dago domekara arte. Herriko tabernaren egoera ere kaleratuko dute
Aurten egitarau berezia antolatu du Lekeitioko Galarrena Elkarteak urtero egin ohi duen Pala Txapelketarako. Izan ere, hamar urte pasatu dira lehenengo pala txapelketa antolatu zutenetik, eta hori ospatzeko zer edo zer berezia egitea dute helburu. Bide batez, gainera, Galarrenaren egoera kaleratu nahi dute.«Euskal Herriko beste hainbat herriko tabernagaz batera, Galarrena Espainiako Audientzi Nazionalaren mehatxupean dago; edozein momentutan zarratua izateko arriskuan. Eta horren aurrean ere, Galarrena bizi-bizirik eta indarrez dagoela erakutsi nahi dugu», azaldu dute.
Horregatik, ekainaren hasieratik uztailaren 25era egitarau zabala egongo da. Egitarau horren ardatz nagusia Pala txapelketa izango da, eta deia luzatu diete herritar guztiei bertan parte hartzera animatzeko. «Parte hartzeko gogoa izatea da premisa bakarra», diote. Izan ere, bikoteak adin guztietakoak izan daitezke, mistoak ala ez, eta edozein mailakoak. «Denontzat dago lekua, eta, beraz, izena eman nahi duena oraindik denboraz dabil. Maiatzaren 31ra arte izena eman ahal da Galarrenan».
Ekimen gehiago
Txapelketa horregaz batera, baina, beste ekimen batzuk ere prestatu dituzte: kontzertua, bideoforuma, eta kirolari ezagunen hitzaldia. Eta egitarauari amaiera emateko, uztailaren 25ean Pala txapelketaren finala eta afaria egongo dira. «Ea aurten ere jende pila bat batu eta ondo-ondo pasatzen dugun».
Galarrenakoek galdu berri duten lagun bat aipatu nahi izan dute. «Bihotza triste daukagu; urte hauetan txapelketa honetan parte hartu duen eta Galarrenara mugimendua eta alaitasuna ekarri dituen laguna joan zaigu. Txiki, maite zaitugu!»
Mobilizazioak
Beste alde batetik, ekainaren 6an eta 7an Galarrena LIBRE lelopean Lekeition egongo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. «Galarrena herritarrona da, Lekeitio ezkertiar eta abertzaleona, eta ez diogu inongo epaitegi faxistei ez dagokien lekuan eskurik sartzen utziko». X. Pala txapelketa hamar urtez herrian ekarpen xumea egiten ibili dela gogora ekarri dute. «Hamar urte ilusioz beteta herritik herriari bizitasuna ematen. Eta zelan ez, beste hamar urte, gutxienez, bide berean segitzeko prest. Ez dago gu geldituko gaituenik. Astindu palak!»