Arrano arrantzalea Urdaibain
Arrano arrantzalea berreskuratzeko proiektuaren baitan askatu zituzten hegaztietako bat Urdaibaira bueltatu da. Proiektua hasi zutenetik etxera bueltatu den lehenengoa dela zehaztu dute Aranzadi zientzia elkarteko kideek. Joan den astean heldu zen biosfera erreserbara.
Espezie hori berreskuratzeko asmoz, dozena bat kume ekartzen dituzte Eskoziatik Urdaibaira, eta, bertan euren garapena habia artifizialetan amaitu eta gero, askatu egiten dituzte. Orain Urdaibaira bueltatu dena 2013an askatu zutela baieztatu ahal izan dute lan horretan ari diren zientzialariek.
Askatu ostean, arrano gazteak independizatu egiten dira, eta Afrika subsahariarrera jo ohi dute. Han, ondoz ondoko bi negu igarotzen dituzte. Hilkortasun tasa, baina, oso altua da lehenengo bi urte horietan, %80 ingurukoa. Honen arrazoiak neguak gordetzen dituen arriskuak eta migrazioa bera dira, batez ere. Hori horrela izanik, hainbat arrano hil egin dira, bai elektrokuzio edota aerosorgailuen ondorioz, eta baita sare eta aparejuetan harrapatuta geratu izan direlako. Dena den, Urdaibai euren jaioterri moduan hartzen dute, eta, bizirauten dutenek etxera bueltatzeko joera dute. Joan den astean heldu zen arrano arrantzalearen buelta ere “garrantzitsua” dela azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.