Goierritarrek autobus zerbitzua izango dute aurrerantzean
Ekainaren 1etik aurrera, Ispasterko Goierri auzoko bizilagunek autobus zerbitzua izango dute.Izan ere, 1996ko urrian autobus zerbitzua bertan behera geratu zen Goierri auzoko bizilagunentzat, eta ordutik herriko beste auzoren batean hartu behar izan du...
Izan ere, 1996ko urrian autobus zerbitzua bertan behera geratu zen Goierri auzoko bizilagunentzat, eta ordutik herriko beste auzoren batean hartu behar izan dute autobusa.
Orain, hamazortzi urte geroago, Ispasterko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko elkarlanari esker, «gutxiengo zerbitzu bat» eskainiko diete Solarte, Soloara, Gallete eta Barainkako auzotarrei.
Datorren astelehenetik aurrera, autobusa Lekeitioko geltokitik Barainkako eskola zaharreraino joango da, 09:00etan eta 12:45ean.
Bestalde, bueltako zerbitzua, alegia, Barainkatik Lekeitioranzkoa, 09:30ean eta 13:15ean izango da.
Lineen berrantolaketa
Udalerriko arduradunek azaldu dutenez, «erabiltzaileek, Lekeitiogaz lotura izateaz gain, Lekeitiotik Bilbora, Gernika-Lumora eta Galdakao-Usansoloko ospitalera joateko lineekin ere lotura izango dute».
Hain zuzen ere, berrikuntza hori autobus lineen berrantolaketari esker lortu ahal izan dela gaineratu dute: «Aurrerantzean, herritarren erabilpenaren arabera, eta aukera ezberdin berriak sortuko balira, udalak eta Foru Aldundiak zerbitzua hobetzeko lanean jarraituko dugu».