
Argazkilaria: Menorca.info
Gernikarrek gehiago merezi arren, Mercadal talderaen kontra
play off-etako joanekoa galduta bueltatu dira etxera. Horrenbestez, asteburu honetan Urbieta futbol zelaian erabakiko da kanporaketa.
Gernika futbol taldeak partida irabaztera zihoala argi utzi zuen lehenengo minutuetatik, eta etxekoak deseroso jokatzea eragin zuen. Gernikako jokalariek ez zieten arnasa hartzen uzten, eta menorkarrak urduri jartzea lortu zuten. Neurketa hasi eta hiru minutura Entziondok aurkariaren atera eginiko jaurtiketa izan zen gernikarren lehenengo gol aukera garbia.
Lehenengo zatian erasoan sendo, eta gol aukera asko sortuz jokatu zuen Gernikak. Salutregik eta Cid-ek esaterako, gol aukera bana izan zuten. 44. minutuan Entziondok sarturiko gola baliogabetu zuen epaileak, Obietak Sastreri egindako falta baten ondorioz. Erabaki hori ez zen gernikarren gustokoa izan, eta protestatu egin zuten.
Atsedenalditik bueltan, etxekoak erosoago eta joko hobea erakutsiz jokatu zuten. Hala, 58. minutuan Xiscuk egin zuen norgehiagokako gol bakarra. Handik hiru minutura bigarren gola egiteko aukera izan zuten etxekoek, baina, Altamirak baloia gelditzea lortu zuen.
Gernikarrak ere neurketa berdintzekotan izan ziren, Entziondoren eta Etxaberen gol aukerekin, baina, ez zuten helburua lortu. Azken minuturarte ez zuten amore eman; ondo jokatuta aurkaria estutzen jakin zuten, baina, ahaleginak egin arren ez zuten berdinketa erdietsi.