Heldu da eguna: Maiatzaren 24a. Batzuk lasai daude, beste batzuk, urduriago. Aldaketaren edo ez aldaketaren beldur dira batzuk; gogoz, ordea, beste batzuk. Kaleak hasi dira jendez betetzen, eta hautetsontzietan ere, leku libre gutxiago geratzen hasia da. Etxeetatik eraman dituzte prest zenbaitek beraien botoak; hautes mahaietan bildu dituzte, ordea, beste batzuek. Alternatiba bata zein bestea hautatuta, botoa berbera izango da; alegia, Hego Euskal Herriko foru aldundi eta udalak datozen lau urteetan nork gobernatuko dituen aukeratuko dituzten botoak.
Ogia eta egunkaria erostetik ailegatu da bat edo beste botoa ematera; txirrinduan ibiltzen joan aurretik igaro da besteren bat. Igandeetako errutinari uko egin gabe atera dira kalera gaur herritarrak, baina botoa emateko tartea ere hartuko dute askok eta askok.
Nork bere botoa zein den jakin badaki, baina, ez, ordea, gainontzekoena. Eta orduan sortzen da herri jakin-mina. Gizarte iritziaren inkestak hor daude, eta bere botoa zeini eman dion esaten duenik ere, bada. Baina boto guztiak jaso, eta horien guztien zenbaketa egin arte, ez da ezer jakiten.
Horretarako, baina, herriari zain egotea besterik ez zaio geratzen. Eta bitartean, botoa ematen edo ez ematen jarraituko du herriak.