Unai Rementeria EAJren ahaldungai nagusia botoa ematen
Gaur, 09:00etan zabaldu dituzte hautes mahaiak, eta 20:00ak arte eman ahal izango da botoa.
Goiztiarrenak hasi dira botoa ematen. Beste hainbat herritarrek egin legez, Bizkaiko ahaldun nagusirako EAJren (Unai Rementeria) eta EH Bilduren (Josu Unanue) hautagaiek ere sartu dituzte beraien gutunazalak Bermeoko eta Mundakako hautetsontzietan, hurrenez hurren.
Egun “lasaia” aurreikusten du Rementeriak gaurkoa. Momentuz, “urduri ez” dagoela esan du, baina momentua heltzear dagoela zirrara hori sortuko zaiola aitortu du. Jendea “ilusioz” dagoela aipatu du; izan ere, egun hau “garrantzitsua” izaten da, “nork bere herriko alkateak-eta aukeratzen baititu”. Hori dela eta, “egun nahiko hurbila” izaten omen da hauteskundeena. Hala, berak jendeak “parte hartzea” desio duela aitortu du.
Gizarte iritziaren inkestei jaramon handirik egin nahi ez diela azaldu du; dioenez, “batzuetan igarri egiten baitute, baina beste batzuetan ez”. Era berean, emaitzei begira, esperantza onekin agertu da.
Goiz eta arratsalde partean, herrian geratzeko asmoa erakutsi du Rementeriak. Iluntzean, berriz, aldundira joango dela aitortu du, lehendakaritza diputatu bezala bertan egon beharra duelako. Hala, bertakoa amaitutakoan, Sabin Etxeara joango dela gaineratu du.
Josu Unanuek, bestalde, gaurkoa “eraldaketa politiko eta sozialerako aurrerapausoa egiteko egun garrantzitsua” dela dio.