Gero eta anitzago, are ordezkatuago
Alderdi politikoetako zerrendek aniztasuna bermatu beharko luketela uste dute EH Bilduren hautagaiek; aniztasuna, gainera, generotik harago joan beharko litzatekeela diote.Gizartearen errealitatea kontuan hartzeko, beraren aniztasuna ordezkatzea ezinbe...
Alderdi politikoetako zerrendek aniztasuna bermatu beharko luketela uste dute EH Bilduren hautagaiek; aniztasuna, gainera, generotik harago joan beharko litzatekeela diote.
Gizartearen errealitatea kontuan hartzeko, beraren aniztasuna ordezkatzea ezinbestekoa dela argi dute alderdi politikoek. Hori nola egin jakitea, ordea, zailago izaten da. Zerrenda anitzak izan du EH Bilduk jomuga, eta aukera berdintasuna bermatzen saiatu dela dio. Egiteko asko dago, baina honainoko ibilbidea ere ez da erraza izan, diotenez. «Generoaren ikuspuntutik gauzak aldatu egin dira, baina ez horrenbeste», dio Gernika-Lumoko alkategai Begoña Landak. «Orain 20 urte hasi nintzen politikan, eta emakumezkoak baziren hautagai, baina hori baino ez ziren, figurak». Emakumezkoalkategairik ez zen.Gaur egun genero kuota betetzera derrigortuta daude 2.500 biztanletik gorako herrietan. Busturialdean, Gernika-Lumo eta Bermeo. «Beste herrietan hautagaiak denak gizonezkoak izan zitezkeen, ez dute kuota betetzeko derrigortasunik».
Emakumezkoek gero eta presentzia handiagoa dute udaletxeetan. Baina hori, hein batean, gizarteagaz batera aldatuz joan da, Foruko alkategai Ainhoa Madariagaren iritziz. «Ni orain 12 urte aurkeztu nintzen lehenengoz zerrendaburu Foruan, eta gure artean eztabaida izan genuen; nik zerrendaburu izan behar nuen ala ez. Eta eztabaida hori eman zen ni emakumezkoa naizelako». Gaur egun kontu horiek urrunekoak ematen dutela dio, «baina ez dira hainbeste urte». Sasoi hartan, baina, eztabaida hura naturaltasunez eman zela dio Madariagak. «Orain, atzera begiratu eta ohartzen naiz zer nolako buruko mina eman zigun horrek».
Bigarrenez zerrendaburu aurkeztu zenean ere kritikak entzun behar izan zituela gogoan du Madariagak: «Haurdun nengoen, eta haurdun ateratzen nintzen argazkietan. Inbestidurako osoko bilkuran, gainera, arazoak izan ziren, Ertzaintza etorri zen, eta nik ez nukeela hor egon behar entzun behar izan nuen».
Busturialdeko herri txikietan emakumezkoak politikan aritzea ohikoa den arren, arlo publikoan izan duten isla murritza dela diote. 31 urte ditu Morgako alkategai Txaber Bilbaok, eta 24 urterekin hasi zen herri batzarretan parte hartzen. «Sasoi hartan herriko emakumeak zirela aurrera egiten zutenak. Hala ere, zerrenda osatzerakoan gizonezkoak ziren hautagaiak». Gaur egun emakume haiek lan politikoa albo batera utzi dutela dio: «Belaunaldi berriak heldu garenean, gehienak mutilak gara».
Belaunaldiak
Madariagak ere gogoan du bere belaunaldiko neska bakarra zela. «Hala ere, gaur egun hori iraulita dago, eta astero batzen garen taldean emakumezkoak gara gehienak».
Gaur egungo egoera, baina, ez luke posible ikusiko familiaren laguntzarik eta babesik gabe. Ama da Madariaga, eta bere alaba «saltsa» horretan hazi dela dio. «Horretarako garrantzitsua da etxekoek ere jakitea zertan ari zaren; beraiek ere zure bizitzako arlo horretako partaide egin. Alegia, batzar horiek ez direla ezer abstraktoa». Eta hausnarketa horrekin bat dator Begoña Landa. Ama eta amuma da bera. «Familiari denbora kentzen diozu, eta umeek hori igarri egiten dute; batez ere, txikiak direnean. Gogoan dut nire semerik gazteena haserretu egiten zela hauteskundeetara berriro aurkezten nintzenean. Gaur egun berak animatzen nau aurkeztera».
Generoa baino harago
Berdintasuna bermatzean, generoa baino harago joan gura dute. «Adibidez, beste herrialde batzuetatik etorritakoen ordezkaritza ere bermatu beharko litzateke. Gure zerrendakide da Mariana Bucenchi, eta guretzat integraziorako eredua da bera». Gazteen presentzia, emakume, ama eta amuma direnen ordezkaritza, perfil profesional anitzeko zerrenda… Aspektu guztietan beharko litzateke aniztasuna; «hala, erabakiguneetan hartzen diren erabakiak gehiengoaren nahi horretatik gertuago egongo lirateke».