Emakumeen Birako etapa erregina jokatuko da Markina-Xemeinen
Ekainaren 10etik 14ra lehiatuko den Emakumeen Birako azken etapa izango da Markina-Xemeingoa. Munduko txirrindulari onenak ikusteko aukera egongo daMarkina-Xemeinen jokatuko den Emakumeen Birako azken etapa aurkeztu zuten eguazten arratsaldean Agustin ...
Ekainaren 10etik 14ra lehiatuko den Emakumeen Birako azken etapa izango da Markina-Xemeingoa. Munduko txirrindulari onenak ikusteko aukera egongo da
Markina-Xemeinen jokatuko den Emakumeen Birako azken etapa aurkeztu zuten eguazten arratsaldean Agustin Ruiz Larringan Emakumeen Birako antolatzaileak, Juan Jose Txurruka Markina-Xemeingo alkateak, Joseba Iraolagoitia Kirol zinegotziak, Lore Txurruka eta Malen Alberdi txirrindulari ohiek eta Rikardo Sanchez Geinke Kirol Taldeko zuzendariak. Ekainaren 10etik 14ra lehiatuko den Emakumeen Birako etapa erregina izango zela azaldu zuten.Emakumeen Bira entzute handienetariko proba da munduan, eta UCIko maila gorenekoa da emakumezko txirrindularitzan. 28 urte daramate antolatzen, eta 1992tik da nazioarte mailakoa. Horrela, Markina-Xemeinen, mundu mailako txirrindulari onenak ikusteko aukera egongo dela baieztatu zuen Emakumeen Birako antolatzaileak: «Oraindik talde guztiak izena emateko daude; gaur itxiko dugu zerrenda, eta mundu mailako talde onenak eta txirrindulari onenak bertan egongo dira».
Rabo Liv taldeko Marianne Vos, Anna van der Breggen eta munduko ziklokroseko aurtengo txapeldun Pauline Ferrand Prevot aitatu zituen Ruiz Larringanek beste batzuren artean. Bai eta Orica AIS taldeko Emma Johansson suediarra eta Bigla Pro Cycling Team taldeko Ashleigh Moolman-Pasio ere.
Euskal Herriko taldeei dagokienez, hiru talde egongo dira Emakumeen Birako norgehiagokan: Lointek, Bizkaia-Durango eta BZK Emakumeen Bira. «Bestalde, Espainiako selekzio bat ere egongo da Ana Santxis eta Leire Olabarriaga talde buru izango dituena», azaldu zuen.
Markina-Xemeingo etapa 11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera ordu bi inguruko lasterketa izango da. Denetara, 87 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek Lea-Artibai eskualdean zehar.
Markina-Xemeindik irten, eta lasterketak Ondarroarantz egingo duela azaldu zuen Agustin Ruiz Larragainek: «Tropela Lekeitiora joango da gero, eta Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibar igarota, Gontzugaraigana igoko dute Ziortza-Bolibartik Markina-Xemeinerantz buelta eginez».
Bigarren buelta bat ere emango dute txirrindulariek, baina Miloi eta Lekoiz mendateak igo beharko dituzte, bigarren buelta horretan, Markina-Xemeingo helmugara heldu aurretik.
Kirola bultzatzen
Bere poza eta esker ona agertu zion Agustin Ruiz Larringanek udalari Emakumeen Bira Markina-Xemeinen antolatzeko interesa erakutsi zuelako. Urtero, lasterketa, herri batzuetatik beste herri batzuetara eramaten zutela azaldu zuen, «Euskal Herri osoan ezagutzera emateko». Beraz, aurten, Nafarro aldean egingo dira etapa batzuk, beste bat Gipuzkoan, eta azkena Markina-Xemeinen.
Ilusio handiz hartu dute proba Lore Txurrukak eta Malen Alberdik ere. Biak txirrindularitzan ibilitakoak izanik, aspalditik zutela Markina-Xemeinen emakumeen lasterketa bat ikusteko gogoa aitortu zuten.
Markina-Xemeingo Udalaren apustua kirola bultzatzea dela azpimarratu zuen Markina-Xemeingo alkateak, emakume zein gizon, bai eta kirol egokitua ere. Iaz Euskal Herriko Itzulia ekarri zuten, kirol egokituko erakustaldi bat ere egin zen, eta aurten Emakumeen Bira ekarriko dute. «Emakumeen Bira gure herrira ekartzea emakumeen kirola bistaratzeko beste ahalegin bat da. Eta ohorea da Markina-Xemeingo Udalarentzat aukera hau eduki eta herritarrei eskaintzea», esan zuen Joseba Iraolagoitia kirol zinegotziak. Herriko ume eta gazteek eliteko kirola herrian ikustea oso aberasgarria dela uste dute, «eta ekimen hau horretarako beste pauso bat da».