Madariaga, Landa eta Bilbao
Gizartearen errealitatea kontuan hartzeko, gizartearen aniztasuna bera ordezkatuta ezinbestekoa dela argi dute alderdi politikoek. Hori nola egin jakitea, ordea, zailago izaten da. Zerrenda anitzak izan du EH Bilduk jomuga, eta aukera berdintasuna bermatzen saiatu da. Egiteko asko dago, baina honainoko ibilbidea ere ez da erraza izan, diotenez. “Generoaren ikuspuntutik gauzak aldatu egin dira, baina ez horrenbeste”, dio Gernika-Lumoko alkategai Begoña Landak. “Orain 20 urte hasi nintzen politikan, eta emakumezkoak baziren hautes-zerrendetan, baina hori baino ez ziren, figurak”. Emakumezkoren bat alkategai izatea pentsaezina zen.
Gaur egun genero kuota betetzera derrigortuta daude 2.500 biztanletik gorako herriak. Busturialdean, Gernika-Lumo eta Bermeo. “Gainontzeko herrietan hautagaiak denak gizonezkoak izan zitezkeen, ez dute-eta genero kuota hori betetzeko derrigortasunik”. Emakumezkoek gero eta presentzia gehiago dute udaletxeetan, baina hori, hein batean, gizartearekin batera aldatuz joan da, Foruko alkategai Ainhoa Madariagaren iritziz. “Ni orain 12 urte aurkeztu nintzen lehenengoz zerrendaburu Foruan, eta gure artean eztabaida izan genuen; nik zerrendaburu izan behar nuen ala ez. Eta eztabaida hori eman zen ni emakumezkoa naizelako”. Gaur egun kontu horiek urrunekoak ematen dutela dio, “baina ez dira hainbeste urte”. Sasoi hartan, baina, eztabaida hura naturaltasunez eman zela dio Madariagak. “Orain, atzera begiratu eta ohartzen naiz zer nolako buruko mina eman zigun horrek”.
orain 12 urte aurkeztu nintzen lehenengoz zerrendaburu, eta eztabaida eman zen ni emakumezkoa naizelako”
Bigarrenez zerrendaburu aurkeztu zenean ere kritikak entzun behar izan zituela gogoan du Madariagak: “Haurdun nengoen, eta haurdun ateratzen nintzen argazkietan. Inbestidurako osoko bilkuran, gainera, istiluak izan ziren, Ertzaintza ere etorri zen, eta nik ez nukeela hor egon behar entzun behar izan nuen”.
Busturialdeko herri txikietan emakumezkoak politikan aritzea ohikoa den arren, arlo publikoan izan duten isla murritza dela diote. 31 urte ditu Morgako alkategai Txaber Bilbaok, eta 24 urterekin hasi zen herri batzarretan parte hartzen. “Gogoan dut sasoi hartan herriko emakumeak zirela lan egiten zutenak eta aurerra egiten zutenak. Hala ere, zerrenda osatzerakoan gizonezkoak ziren hautagaiak”. Gaur egun emakume haiek beraien lan politikoa albo batera utzi dutela diote, “eta belaunaldi berriak heldu garenean, gehienak mutilak gara”.
Emakumeak ziren lan egin eta aurerra egiten zutenak. Hala ere, zerrenda osatzerakoan gizonezkoak ziren hautagaiak”
Madariagak ere gogoan du herri batzarretan parte hartzen hasi zirenean bere belaunaldiko neska bakarra zela. “Hala ere, gaur egun Foruan hori iraulita dago, eta astero batzen garen talde horretan emakumezkoak gara gehienak”.
Gaur egungo egoera hori, baina, ez luke posible ikusiko familiaren laguntzarik eta babesik gabe. Ama da Madariaga, eta bere alaba “saltsa” horretan hazi dela dio. “Horretarako garrantzitsua da etxekoek ere jakitea zertan ari zaren; beraiek ere zure bizitzako arlo horretako partaide egin. Alegia, batzar horiek ez direla ezer abstraktoa”. Eta hausnarketa horrekin bat dator Begoña Landa. Ama eta amuma da bera. “Familiari denbora kentzen diozu, eta umeek hori igarri egiten dute; batez ere, txikiak direnean. Gogoan dut nire semerik gazteena haserretu egiten zela hauteskundeetara berriro aurkezten nintzenean. Gaur egun, ordea, bera da aurkeztera animatzen nauena”.
Aniztasuna bermatuz, erabakiguneetan hartzen diren erabakiak gehiengoaren nahi horretatik gertuago egongo lirateke”
Baina berdintasuna bermatzean, genero ikuspuntua baino harago joan behar dela diote EH Bilduren alkategaiek. “Adibidez, beste herrialde batzuetatik etorritakoen ordezkaritza ere bermatu beharko litzateke. Gure zerrendakide da Mariana Bucenchi ‘Maritxu’, eta guretzat integraziorako eredua da bera”. Era berean, gazteen presentzia, emakume, ama eta amuma direnen ordezkaritza, perfil profesional anitzeko zerrenda… Aspektu guztietan beharko litzateke aniztasuna, EH Bilduren ustez; “hala, erabakiguneetan hartzen diren erabakiak gehiengoaren nahi horretatik gertuago egongo lirateke”.